• 12 ABE 18

    Bildarratzen iritziz, “izugarrizko arduragabekeria” da Kataluniako egoera Euskadin bizi izan zenarekin konparatzea

    PPk eta Ciudadanosek ‘gehiegi hurbiltzen ari’ zaiola esan dute, epaile, fiskal eta Justizia Ministerioko langileei babesa emateko beharra dagoela argudiatzeko

    Jokin Bildarratzen iritziz, “izugarrizko arduragabekeria” da egun Katalunian bizi den egoera oraintsura arte Euskadin bizi izan zenarekin konparatzea. EAJko bozeramaileak PP eta Ciudadanos alderdietakoei alarma sortu nahi izana aurpegiratu die Euskal Autonomi Erkidegoak sufritu zuen giroaren ‘antza hartzen ari’ dela edo ‘gehiegi hurbiltzen ari’ zaiola esan dutelako. “Euskadin 852 pertsona erail zituzten, ehunka zauritu, bahituak, milaka kaltetu izan ziren. Benetan egoera biak parekagarriak iruditzen zaizkizue?”, gaitzetsi du.

    Eztabaida hau PPk Estatuko Gobernuari epaile, fiskal eta Justizia Ministerioko langileen lanaren aitorpena eta babesa emateko neurriak har ditzan eskatzeko mozioaren inguruan eman da. Bildarratzek gogoratu duenez, Katalunian elkarrizketa falta da arazoa eta, Justiziari dagokionez, baliabideen urritasuna. “Hau orain gertatzen da eta baita lehen ere. Espainiari buruz Europako Kontseiluak gai honen inguruan argitaratutako txostenak jasotzen dituen neurrien erdiak ere ez dira hartu”.

    Bozeramaile jeltzaleak aurkeztutako testua eta erabilitako argumentuak desberdindu ditu, eta azpimarratu du “kontradikzioa” dela PPk justiziaren eremuan presioak saihesteko neurriak planteatu izana; “Izan ere, hainbat urtetan hemen inork epaileak presionatu baditu hori PP izan da”. Honen harira, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea aukeratzeko prozesua edota Mariano Rajoy Gürtel epaiketara deitu zutenean gertatutakoak gogoratu ditu.

    Beste alde batetik, Senatuak Konstituzioa defendatzeko konpromisoa berretsi dezan aurkeztutako mozioaren inguruan, Bildarratzek “zinikoa” dela esan du Alderdi Popularrak ‘elkarrizketa, konkordia eta oinarrizko adostasunen bilaketa’ Itun Nagusiaren ezaugarri moduan goraipatzea “gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta. Gezurra da; ez duzue hori nahi eta ez duzue horretan sinesten, ez zaretelako Estatuaren errealitatea zein den onartzeko gai”. Berdin, Konstituzioa betetzen ez diren kasuetan erantzukizunak eskatu izana paradoxikotzat jo du “PP bera izan denean lehenengoa Auzitegi Konstituzionalaren sententziak edota Gernikako Estatutuaren Lege Organikoa bete gabe utzi dituena”. Honen adibide moduan, gogoratu du atzo Iñaki Oyarzabal senatariak espetxe politikaren eskumena ez zaiola Euskadiri transferitu behar esan zuela, “hori, modu literalean jasotzen denean Estatutuan. Nola nahi duzue herritarrak zuoi sinestea legea zuen komenientziaren arabera baino ez duzuenean betetzen?”, gaitzetsi du.