• 15 EKA 17

    Belaunaldien arteko transmisioa sustatuko du Haurren Hiriaren hurrengo ikasturteak

    Tolosako Udalak ezinbestekotzat ditu gazteak Olatz Peon Ormazabal alkateak berretsi duen eran: “herriko dinamika ezberdinetan oinarrizko atala baitira; funtsezkoak etorkizuna ordezkatzen baitute

    Amaitu berri da Haurren Hiriaren 3. ikasturtea. Maiatzaren 13ko Mintzatxokoarekin borobildu zuten ikasle, guraso zein hezitzaileek udal ekipamenduei buruz jardun duten 9 hilabeteko lana. Guztira 43 kide ibili dira aurten, 24 mutil eta 19 neska. Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleak Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. arte. Gela bakoitzetik ordezkari bana. Tolosako Udalak ezinbestekotzat ditu gazteak Olatz Peon Ormazabal alkateak berretsi duen eran: “herriko dinamika ezberdinetan oinarrizko atala baitira; funtsezkoak etorkizuna ordezkatzen baitute. Parte-hartzea gailentzen den aro honetan, beharrezkoa da gazteen partaidetza bultzatzea, gazteen iritzi eta kezkak entzun eta kontuan izatea”. Horretarako Udalak duen guneetako bat Haurren Hiria dela adierazi du Tolosako alkateak. Sail transbertsal honen garrantzia mahai gainean jarri nahi izan du: “gainerako departamentuekin harreman zuzena duen saila da, eta proiektu orotan gazteak kontuan izatea ahalbidetzen du”.

    2016-17 ikasturtetik ekarpen “esanguratsuak” jaso direla du iritzi Peonek: “udal ekipamenduak aztertu dituzte: Aranburu Jauregia, Errotako Haur liburutegia eta Kultur etxea. Orokorrean, haur eta gazteei zuzendutako ekimen gehiago eskatzen dituzte eta egungo eskaintza berritu eta egokitzea. Baita Haur liburutegia bezalako espazioren bat sortzerako unean, haurrei zuzenduta dagoen espazio bat, beraien iritzia kontuan izatea; proiektuaren sorreran eta garapenean aktiboki parte hartu nahi dute” gaineratu du alkateak.

    Herritarrok herriaren garapenean parte hartzearen garrantzia

    Udalak politika publikoak gauzatzeko eran “aurrerapausu ugari” eman dituela adierazi du alkateak: “eduki aldetik, zein forma aldetik”. Tolosatzenek martxa hartu du. Herritar, politikari eta teknikariek elkarlanean etorkizunean zein Tolosa nahi duten definitu dute, eta horretarako pausuak zein diren finkatu. “Herritar ororen iritziak eta proposamenak jaso eta aintzakotzat hartzen ditugu edozein proiektu martxan jartzerako unean” gaineratu du Peonek - “Haurren Hiriak horretarako balio du”.

    Ekimen ezberdin ugari atera dira aurrera Haurren Hiriatik: oinezko kaleak, abiadura mugatua dutenak (30) edo aurten bigarrenez jarraipena izango duten San Juanetako “Musika parkean” ekimena edota sanjoan su txikia… Eta Mintzatxokoan Olatz Peonek bertaratutakoei aurreratu bezala, zerrenda honi beste bat gehituko zaio: tirolina bat ezarriko da Usabalen. “Haurren eskaera zen ekimena martxan jarri zenetik, eta errealitate bihurtuko da gutxi barru” azpimarratu du alkateak.

    Datorren urteko gaia: belaunaldien arteko transmisioa

    Gure aiton amonek nola jolasten zuten, zein aisialdi eskaintza zuten, zein espaziotan ibiltzen ziren, zein ezagutza eta istorio ezagutzen dituzten espazio horien inguruan.

    Olatz Peon alkateak gogorarazi du Mintzatxokoan bertan, eta Tolosatzenen proposatutako gaia ere badela: “zehazki gazteen arteko elkarlanerako, sormen ekintzetarako eta belaunaldi arteko ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea eta ikastaro eta tailer mistoak antolatzea zen eskaera, gazteen arteko eta belaunaldien arteko elkar hartu-emanak bideratu ahal izateko, pertsona gazteak eta helduak elkartuz. Hori egingo dugu Haurren Hiriaren 4. ikasturtean”.