• 27 URR 14

    Behin Kabiari buruzko diktamena onartuta Gipuzkoan gizarte-zerbitzuak aldatzeko atea ireki da

    Eider Mendozak egungo eredua babestu du eta Bilduri leporatu dio irizpide ideologikoak erabili izana Kabia martxan jartzeko eta, ez ordea, zerbitzuaren kalitatea.

    Kabia arautzen duen Foru Arau proiektuaren tramitazioak aurrera darrai Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gaur goizean Gizarte Politikako batzordean batzarkide taldeek zatiko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatu dituzte. EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak salatu du, Bilduk gizarte zerbitzuen eredua aldatuko duela eta zerbitzuen kudeaketa publikoa eta zuzena izango dela. Horren harira, batzarkide jeltzaleak honakoa adierazi du: “Gaur aukera genuen Foru Arauatik eredu aldaketari buruzko esaldiak kentzeko. Baina aitzitik, ez da posible izan, izan ere EAJ-PNVren zuzenketek ez dute behar zuten babesa izan”.

    Era berean, Mendozak segidakoa esan du: “Nahiz eta Batzar Nagusiek eta ez, ordea, Foru Aldundiak, erabakiko duten Kabiak zein zerbitzu kudeatuko dituen, Bilduk dagoeneko badu tresnarik bere erabaki politikoa aurrera eramateko, hain zuzen ere, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredua aldatzeko eta kudeaketa publikoa eta zuzena egiteko”. Ildo beretik, EAJ-PNVren batzarkideak adierazi du, ez dela bidezkoa Bilduk, orain, irabazi asmorik gabeko elkarteak lasaitzeko mezuak egitea, baldin eta Kabiak Gipuzkoako zerbitzu horiek zuzenean kudeatu nahi baditu. Eta gainera, ez ditu bereizten enpresa pribatuak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak. Bilduk ideologia lehenetsi du, horrek ondorioak ditu eta onartu beharko ditu. Kudeaketa zuzenaren ondorioz, enpresa pribatuak eta hirugarren sektoreko elkarteak desagertuko dira.

    Azkenik, Eider Mendozak honakoa azpimarratu du: “Eztabaida bakarra izan beharko luke Foru Aldundiak 16 udal egoitzen kudeaketa hartzea. Baina aitzitik, eskualdatzea egiteko modua ez da adostu oraindik. Izan ere, Bilduk proposatu du udal egoitzen eta etxez etxeko arreta zerbitzuaren arteko finantzazio trukea egitea. Eta EAJ-PNV ez dago ados, izan ere, proposamenak kaltetzen ditu udal egoitza ez duten herriak edo defizit gabeko egoitzak dituzten herriak, defizita duten egoitzen finantzaketa bere gain hartu beharko dutelako. Eta horretarako, Foru Aldundiak etxez etxeko arreta zerbitzutik kentzen die dirua. Gainera, Bilduk udal ondarearekin gelditu nahi du, hain zuzen ere, egoitzen eraikinekin, eta ez du aurreikusten etorkizunean berriro udalerriei eraikin horiek ematea, baldin eta eraikin horientzat beste erabilera bat adosten bada”. Hori del aeta, Mendozaren ustez, Kabia onartezina da, izan ere, ez du 16 udal egoitzen eskualdatzea adosten eta, gainera, gizarte zerbitzuen kudeaketaren eredua aldatzeko atera ireki du”.