• 05 ABE 18

    Badago Legezkotasun Printzipioak baino indar handiagoa duen beste bat, Printzipio Demokratikoa

    “Oraingoz, bi Estaturen menpe gaude: bata, monarkia duena. Bestea, errepublikaren jaioterria. Eta ez batak eta ez besteak, ez dute gure Herri izaera errespetatzen. Beraz, gure auzi nazionalaren funtsa ez dago Estatuaren formagatik baldintzatua, Espainiako Erresumak zein Frantziako Errepublikak gure nazioaren izaera aitortzeko inolako borondaterik ez dutelako agertzen baizik”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

    Arrizabalagak gogora ekarri ditu atzo, EAJ gogor kritikatuz, Espainiako Gobernu Ordezkariak esandakoak, “Lozak esan zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko %70ak onartu zuela Konstituzioa. Ba ez bozkatu zutenen %70ak onartu zuen, baina bozkaren parte hartzeari erreparatzen badiogu %30 pasatxo izan zen, besterik ez. Parte hartzea, guztira %44koa izan zen eta Erkidegoko herritarren %30ak soilik adierazi zion aldeko jarrera Konstituzioari”. azpimarratu du bozeramaile abertzaleak.

    Harrigarri egiten zaigu Espainiako Gobernuko ordezkariaren alderdiak, PSOEk alegia, Estatutua aldatzeko gutxienez %60ko partehartzea eskatzea (eta Legebiltzarreko gehiengo kualifikatua) eta, aldiz, Konstituzioa izatea, %30eko baiezko bozkekin, “lege guztien legea”, herriaren erabakitzeko eskubide demokratikoa gauzatzea eragozten duena.

    “Loza jaunak ere esan zuen zorroztasunez Konstituzioa kritikatzea eta aldatu nahi izatea zilegi dela, baina ez dela zilegi legezkotasun printzipioari muzin eginez” jarraitu du Arrizabalagak . “Akaso, zenbaiten gusturako gogor samar kritikatzen dugu Konstituzioa, baina edonola ere, legitimitate osoz. Gure ustez, Konstituzioak badu akats bat, 40 urtetan etengabe areagotu dena: ez zuen onartu EAJk eta beste askok proposatutakoa, alegia, subiranotasuna Estatua osatzen zuten herrietatik sortua zela. Oso alderantziz 2. artikuluaren «nazio bakar eta zatiezina» bilakatu da Konstituzioaren ardatz. Hain zuzen, Konstituzioaren defentsa eta Espainiako batasunaren defentsa kontzeptu parekideak dira. Ba, gure ustez, determinazio libreko printzipioa onartzen ez duen bitartean, Estatuak Catalunyarekin eta Euskadirekin duen auzia ez da konponduko. Badago legezkotasun printzipioak baino indar handiagoa duen beste bat: printzipio demokratikoa” nabarmendu du Maria Eugenia Arrizabalagak.

    EAJ-PNVko bozeramaileak esan du, “Konstituzioaren urteurren bezperan, erdibideko bat egin dugu, joan den astean Eusko Legebiltzarrean adostutako eduki bera jasoaz. Bertan esaten dugu:

    1.- Erkidegoko herritarren gehiengoak ez zuen babestu konstituzioa. Horrek legitimazio gabezia suposatzen du.

    2.- Konstituzioa Espainiako “nazio bakarraren” izaera “banaezinezkoan” oinarritzen da. Baina “batasun banaezinezko” hori ez da izan herrien atxikimendu librearen ondorio.

    3.- Asko hitz egiten da balizko erreforma batez. Erreforma horrek ezinbestekoa izan behar du Estatuaren izaera plurinazionalaren aitormena, eta determinazio libreko printzipioa.

    4.- Euskal Herriaren eskubide historikoen interpretazioak ahalbidetzen du euskaldunon erabakitzeko eskubidea eta ahalmena aitortzea.

    5.- Puntu honetan, hasieran adierazi dudan monarkiaren inguruko aipamena egiten dugu.

    6.- Ez dugu Konstituzioaren 40. Urteurrena ospatuko.

    Amaitzeko EAJ-PNVko bozeramaileak esan du, “Legebiltzarreko Oinarrietan jasotakoak badu heldulekurik Konstituzioan: Eskubide Historikoak aitortzen dituen Xedapen Gehigarria. Horretarako borondate politikoa eta herriekiko begirunea beharrezkoak dira eta politika egiten jakin behar da. Estatus Berrirako defendatzen ari garen proposamena, erabat zilegia da, gaur onartu dugun erdibideko hau zorrotza bezain zilegia den bezala”