• 01 URR 15

    Azken urteetako paralisiarekin amaituko duen Kudeaketa Plana aurkeztu du Foru Aldundiak

    Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi du gaur aurkeztu den plan estrategikoa, gobernu on baten estrategia dela.

    Eusko Abertzaleak taldeko bozeramalearen esanetan “hauteskunde programetatik haratago, ezinbestekoa da gobernu jarduera txukunduko eta gidatuko duen gobernu programa esku artean edukitzea. Eta koalizioko gobernuak dauden kasuan, zer esanik ez. Gobernu programa beharrezkoa da. Eta programa hori egokia suertatzen da, ez bakarrik gobernuaren martxa zuzentzeko, baita, ariketa demokratikoaren arabera, oposizio lana gauzatu nahi dutenei lana errazteko ere”.

    Jeltzalearen esanetan “Markel Olanoren gidaritzapean, Ganbara honetara Kudeaketa Estrategiko Plan hau dakarren foru-gobernuak, Batzar Nagusiei zor dien begirunea adierazten diote. Eta begirune hori, azpimarratu nahi du Maria Eugenia Arrizabalagak, ez da azken urteetan sarritan ikusi”.

    Eusko Abertzaleak taldearen bozeramaleak adierazi duenez, “konprobatzeko aukera izan dugu, Plan-ekiko zaletasunik izan ez duen gobernu baten nora eza, irizpide aldaketa, konkrezio falta, eta gehiengo demokratikoekiko begirune gabezia. Guztiaren azken emaitza, berriz, eskasa: inprobisazioa eta eraginkortasun eza. Eta bistan dago, agintean dago gobernuak ez duela akats berdina egin nahi. Markel Olanoren gobernuak ez du inprobisaziorik nahi eta horren lekuko da gaur batzar Nagusietan eztabaidatu den Kudeaketa Plan Estrategikoa”.

    Maria Eugenia Arrizabalagaren esanetan “Plan honek, Foru Aldundiko sailetarako, sailez-sail, 50 helburu eta 175 ekintza-lerro markatzen ditu. Guztiak, azken urte hauetako paralisiaren aurrean, eraginkortasuna bilatzeko; inposizioaren aurrean eztabaidatu, arrazoitu eta demokratikoki defendatzeko; konfrontazioak baztertzeko; herritarrekin etengabeko harremanean egoteko; Ikuspegi ideologikoz kutsatutako aurreiritzi ezkorrak alde batera uzteko; gizarte politika egokiak eskaintzeko.  Azken finean, sestra politiko, zangotraba, irain, fede txarreko salaketa, ikuspegi sektario, eta katramila gaiztoen aurrean, elkarrizketa, konponbidea, konfiantza eta elkarrekiko begirunea”.

    Akordio eta elkarrizketa bila horren adibide izan zen  Gestio Planari EH-BILDUk aurkezturiko 63 mozioetatik 26ri baiezkoa bozkatu  eta 8 erdibideko sinatu zituela Eusko Abertzaleak taldeak. Abstentzioarekin, EH Bilduren beste mozio bat ateratzea ahalbidetu zuen EAJk.

    Oposizioko beste bi taldeekin ere adostasunak lortu ziren; Alderdi Popularraren 6 moziori baiezkoa eman eta erdibideko bat sinatu zen. PODEMOS alderdiarekin, berriz, 6 erdibideko sinatu zituen talde abertzaleak eta beste 4 moziori baietz bozkatu zien.

    Maria Eugenia Arrizabalagak, asko sentitu du normalizazio politikoaren eta demokratikoaren gai garrantzitsuan adostasunik lortu ez izana. Hala ere, bozeramale jeltzaleak azpimarratu du “EH Bildurekin adostasunera iritsi gara gai garrantzitsuetan: gizarte politikan, gizarte zerbitzuen mapan, Euskararen garrantzian… Oinarrizko gaietan, adostasunera iritsi gara”.