• 12 ABE 18

    Aurrekontu hauekin, legealdi hasieran gipuzkoarrei eman genien hitza betetzen dugu

    “Amaierarik gabeko eztabaida antzuen” iragana atzean utzi eta lurraldea etorkizunari aurre egiteko prestatuko dutela uste du Ogasuneko diputatuak. Bere aldetik, Arrizabalaga, EAJren bozeramaileak esan du “Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak Gipuzkoako egoera errealari erantzuten dio eta berdintasunezko gizarte paritario eta elkarbizitza balore demokratikoetan oinarritutako Gipuzkoara garamatza”

    Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua “legealdiko onena” da, Ogasun eta Finantza diputatu den Jabier Larrañagak gaur defendatu duenez, lurraldearen eta herritarren gaurko eta biharko beharrak kontutan hartzen ditu eta. “Aurrekontu honi esker, legealdi hasieran hasi genuen prozesua itxiko dugu eta, honi esker, Gipuzkoa zegoen geldialditik atera dugu. Beraz, aurrekontu hauen bitartez, herritarrei eman genien hitza betetzen dugu”, aldeztu du.

    Gipuzkoako Batzar Nagusien gaurko Osoko Bilkuran egin ditu adierazpenok foru arduradunak. Batzarraren helburua EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Alderdi Popularraren batzarkide taldeek aurrekontuari aurkeztu dizkioten osoko emendakinak eztabaidatu eta bozkatzea izan da. Proiektua orain Ogasun eta Finantza batzordetik pasatuko da eta datorren asteko ostiralean egingo da behin betiko eztabaida eta bozketa, berriro ere Osoko Bilkuran. Guztira, proposamenak 875,5 milioi euroko zuzkidura aurreikusten du datorren urterako, hau da, aurten baino 19 milioi eta %2,2 gehiago.

    Larrañagak ekitaldiaren hasieran hartu du hitza, Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua defendatzeko. Ekonomiaren egoera onean jarri du azpimarra foru arduradunak, horri esker ari baita hazten zerga bilketa eta, ondorioz, 2019koa legealdiko aurrekonturik handiena izango da. “Legealdiaren lehen egunetik oso argi izan dugun planteamendua da: ekonomia sustapena bultzatuz aberastasuna sortzen dugu herritar guztientzat, eta honela gure ongizate mailari eusten diogu. Ekonomia indartsua izateak lurralde indartsua esan nahi du”, azaldu du.

    Proiektuaren edukiari dagokionez, Larrañagak hiru alor nabarmendu ditu: egungo erronkei aurre egitea, batez ere gizarte politiken arloan; etorkizuneko apustuak egitea, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez; eta erakundearen finantza egoera indartzea. Lehen puntuari erreparatuz, gogoratu du 2019an gizarte politikak inoizko zuzkidurarik handiena izango duela, aurrekontu osoaren hazkundearen ia %70 departamentu honi baitagokio. “Biztanleko gastua, gainera, 542 euroko da, eta hau ere errekorreko zifra da”, azaldu du foru diputatuak. Hala ere, esan du “zifretatik haratago” joan behar dela, helburua delako Gipuzkoa Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea.

    Gainera, nabarmendu du Aldundiak “gaurtik biharko Gipuzkoa eraikitzearen aldeko” apustuarekin jarraitzen duela, Etorkizuna Eraikiz programaren eskutik. Zehaztu duenez, 2019ko aurrekontuak 12 milioi euro bideratzen ditu proiektu honetara, departamentu ezberdinen artean banatzen direnak. Zatirik handiena erreferentziazko zentroak abian jartzeko erabiliko dira. Horrela, adibidez, Ziur zibersegurtasun zentroak 1,5 milioi euro izango ditu; Adinberri, osasuntsu zahartzeko zentroak, 1,4 milioi; eta, Mubil, elektro mugikortasunarenak, 2,5 milioi. “Etorkizuneko apustuak egiteko momentua da”, azpimarratu du diputatuak. 

    Azkenik, baliabideen “kudeaketa arduratsua” egitearen garrantzia nabarmendu du, sistemaren etorkizuneko jasangarritasuna bermatzeko. “Kontua ez da bakarrik zer eta non inbertitut dezakegun gaur, baizik eta bihar eta etzi ere gauza bera egiteko gaitasuna izaten jarraitzea”, esan du. Testuinguru honetan kokatu du Aldundia zorra murrizteko egiten ari den “ahalegina”. Aurreikuspenen arabera, eta datorren urteko aurrekontu proiektuan jasotakoari jarraiki, 100 milioi gutxiagoko zorrarekin itxiko du legealdia foru erakundeak. “Bide honetatik jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, gure finantza egoera indartuz, etorkizunean ere erabakiak geure kabuz hartzeko gaitasuna ziurtatzeko”, itxi du.

    Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua gizarte politiken eta industria ehunaren sustapena ditu oinarri

    Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, pozik azaldu da 2019ko Gipuzkoako Aurrekontu Foru Arauak bere ibilbidea jarraituko duelako, gaurko Osoko Bilkuran lehen urratsa gainditu ostean. “Honakoa , Gipuzkoako egoera errealari erantzuten dion aurrekontua da – adierazi du Arrizabalagak – Gizarte Politikak eta industria eta ekonomia sustapena oinarri dituen aurrekontua. Gipuzkoako lurraldearen suspertze eta garapen ekonomikorantz garamatzan aurrekontua, alegia”.

    Oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketei dagokienez bozeramaile abertzaleak esan du, “aurtengoan, nobedadea dugu osoko zuzenketetan. Ohiko bi aktoreei, EH Bildu eta Podemos, hirugarrena gehitu zaielako Partidu Popularra, diskurtso zeharo politikoarekin. Baina nobedade honek ez ditu aldatu inola ere EH Bildu eta Podemosen diskurtsoak – jarraitu du Arrizabalagak –  aurreko urteko aurrekontu eztabaidako argumentu berak erabili bait dituzte gaurkoan ere”.

    “EH Bildu eta Podemos – adierazi du EAJ-PNV bozeramaileak – Gizarte Politiken inguruan Foru Aldundiak duen konpromiso zintzo eta agerikoa ezbaian jartzeko ahalegin antzuan tematzen dira”. “EH Bildu hiru urte hauetan zehar “portzentajeen” eztabaidan kokatu du bere diskurtsoa asmo bakarrarekin – azpimarratu du – beraiek gobernatu zutenean gertatutakoa “ezkutatzea”. Bilduk, - jarraitu du bozeramaile abertzaleak –  Gizarte Politiken arloan inbertsioa murriztu zuen, 501 euro “per capita” zen 2011ean eta 2012an 454 eurora murriztu zuen, azkenik 2015ean apur bat igo 458 eurotara iritsi arte. Baina 2015ean EAJ-PNV iritsi zen – adierazi du – Maite Peña Diputatuak inbertsioa “per capita” 481 eurora igo zuen lehen urtean, 507 eurora 2017an, 525 eurora 2018an eta 2019an 542 eurora igoko da gipuzkoar bakoitzeko”. “Urtero aurreko errekorra gainditzen da gastu sozialean. 2019rako, 14 miloi gehiago. Beraz, argi dago EH Bilduk bere ezina ezkutatu nahi izan digula portzentajeei buruzko urteroko debatearekin" azpimarratu du.

    Eredu fiskalari dagokionez EAJ-PNVko bozeramaileak esan du, berriz ere 2013ko Bilduren “Zerga Politika Berria” eta egungo zerga politika ereduak alderatu beharrean gaudela. “2013ko Zerga Politika Berriak honako emaitzak utzi zizkigun: PFEZ % 38,5, BEZ % 38 eta Sozietateen Zergan % 6. Gure Zerga Politikak aldiz honako datuak uzten dizkigu – jarraitu du Arrizabalagak – PFEZ % 35, BEZ % 39 eta Sozietateen Zergan % 6,6. Xabier Olano bere zuzenketan Sozietateen Zerga bidez irabaziak dituzten enpresak % 6,6 besterik ez ordaintzeaz kexatzen da, eta aldiz, Bildu gobernuan zen bitartean, kontzeptu berberaren bidez % 6 jasotzeaz harro zegoen”. “Egungo gobernuaren hiru urtetako datuak, Bilduren aurreko gobernuko datuekin alderatuta – azpimarratu du – konparatibak egungo Foru Gobernuaren alde egiten du nabarmen”.

    “Ekonomiaren Sustapena da Aldundiaren lehentasuna izaten jarraitzen du – adierazi du EAJ-PNV bozeramaileak –. Sailaren aurrekontua %6,26an igotzen da eta 74,2 miloi hartzen ditu. Benetan lan eraginkorra egiten dihardu Aldundiak lehiakortasunaren alde, talentua sortu eta erakartzeko, ekintzaletasuna indartzeko, langileen parte-hartzea bultzatuz enpresak Lurraldean errotzeko,  artisautza laguntzeko. Lan handia berrikuntzan eta nazioartekotzean. Eta hori gutxi balitz – azpimarratu du – apustu estrategikoak eta berritzaileak Gipuzkoan ezartzeko: zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, ikusentzunezkoak, biozientziak, gastronomia 4.0 eta abar”. “Azken finean – esan du – gipuzkoarrentzat lana, kalitatezko lana, eskainiko duen etorkizuna asmatzen ari da Aldundia, hainbat eragilerekin batera”.

    Arrizabalagak Partidu Popularrari zuzendu zaio: “PPren zuzenketaren leitmotiva, PNVk estatus berrirako oinarriak Legebiltzarrean adostu izana da. Bere mamurik handiena, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea da. Ezin du jasan, estatus konfederal eta aldebikoa. Azken finean “el PP es español y mucho español” eta ez du sekula onartuko ez Euskal Herria subjektu politiko gisa existitzen denik, ez eta kontzertu ekonomikotik apur bat haratago doan proiektu politikorik”. PPren kezka nagusia – eta Casadoren PPrena are gehiago – Espainiarekiko harremanetarako eredu berri bat PNVk eta EH Bilduk adostu izana da. Duela egun batzuk bere buruzagi arabarrak, Alfonso Alonsok argi esan zuzen bezalaxe: “esto es peligroso o, por lo menos, inquietante”. 

     “Laburbilduz – amaitu du Maria Eugenia Arrizabalagak – Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak Gipuzkoako egoera errealari erantzuten dio, gipuzkoarron interes publikoari erreparatzen dio; eta Gizarte Politikak eta industria eta ekonomiaren sustapena ditu oinarri. Gipuzkoako lurraldearen suspertze eta garapen ekonomikorantz, eta berdintasunezko gizarte paritario eta elkarbizitza balore demokratikoetan oinarritutako baterantz garamatzan aurrekontua, alegia”.