• 03 ABE 15

    Aurrekontu hauek islatzen dute Gobernuaren eta gizartearen konpromisoa gizarte zerbitzuekin, berreskuratze ekonomikoarekin eta enplegua sortzearekin

    Aurrekontuen tramitazioak aurrera darrai eta abenduaren 23an Kontu Publikoen proiektua onartuta geratuko da. Joseba Egibarrek eta Josune Gorospek Eusko Jaurlaritzaren lidertza nabarmendu dute, herri hau berreskuratze-bidean jartzeko eta pertsona guztien ongizatea hobetzeko

    Joseba Egibar EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak nabarmendu du gizartearen aurrean lidergoa erakustea oso garrantzitsua dela eta, ildo horretan, Jaurlaritzaren meriturik handiena azaldu du: erakunde guztiak lerrokatu ditu euskal gizartearen ongizatea hobetzeko helburuan. “Gure baliabideak ez dira infinituak. Horregatik, helburu batzuen atzean erakunde guztiak jartzea –Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak- oso inportantea da. Hori lortu du Jaurlaritza honek. Helburu nagusiak lehendakariak berak azaldu ditu: krisi ekonomikotik irtetea, jarduera ekonomikoa suspertzea enplegua sortzen hasteko, eta gizarte-zerbitzu publiko duinak mantentzea.

    Egibarrek adierazi du euskal herritarrak inplikatuta daudela helburu horiekin. “Aipatu eta nabarmendu behar dugu herritarrek aurrekontu hauetan egindako ekarpena. Elkartasun handia erakusten du horrek. Herritarrek zer nolako konpromisoa duten, holakoa izango da herria eta nazioa. Eta zentzu horretan, erakundeen eta herritarren arteko inplikazioa eredugarria izan da”.

    Bukatzeko, Egibarrek EH Bildu taldeari leporatu dio bere osoko zuzenketan % 0,3an baino ez duela eragiten Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuetan.

    Josune Gorospe legebiltzarkide izan da PP eta UPYDren argumentuen aurka egin duena, talde horiek aurrekontu-proiektua gobernuari itzultzea defendatzen baitzuten. Gorospe kontu publikoen zifretan eta ekonomiaren bilaka oinarritu da, ondorioztatzeko “etorkizuneko erronkei erantzuteko instrumenturik onena daukagula. Pertsonak eta euren beharrak begiratzen ditugu, euren bizitza-estandareak hobetze aldera. Aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko egiten dugu lan, eta zorrotzak gara gastuan, etorkizuneko belaunaldiak ez hipotekatzeko. Herriaren alde egiten dugu, bere oraina eta baita bere etorkizunerako bermeen alde”. Legebiltzarkide jeltzaleak PPren jarrera gaitzetsi du, aurten osoko zuzenketa aurkeztu baitu, eta eskatu dio argitu dezala ea zergatik aurkezten duen aurten eta ez aurreko ekitaldietan. “Kontinuistak direla esaten baduzue, aurreko urteetan babestutakoen parekoak, zer aldatu da? Gaur hauteskunde-kanpaina hasiko dela eta Urkulluren Gobernuaren kontra joan beharra daukazuela? Sinisgarritasun eskasa daukazue”.

    Josune Gorospek PPren murrizketa-politikak salatu ditu, eta EAJk EAEn garatzen duenarekin kontrajarri du. “Zuek murrizketen eta eskubideen atzera-egiteen erasoa lideratu duzue, eta orain, hauteskundeak datozela, bete ezingo duzuen hitza ematen duzue. Benetan uste duzu PP Euskadira etor daitekeela ongizate edo gastu sozialeko irakasgairik ematera?”. Legebiltzarkide jeltzaleak hainbat adibide eta estatistika jarri ditu eztabaidagai, Euskadik gainontzeko erkidegoen aldean duen egoera hobea ikusteko, eta bereziki PPk kudeatutako erkidegoekin bereizteko. “Euskadik 163 euro gastatzen ditu, biztanleko, Dirusarrerak Bermatzeko Errentan; Espainiako bataz bestekoa, aldiz, 11,4 eurokoa da. Espainian gizarte laguntzetara bideratzen den diru osoaren %40 Euskadin ematen da. Gobernu zentralak ere aitortzen du aintzindariak garela gizarte zerbitzuetan. Osasunean, 1.572 euro inbertitzen dira pertsonako, Andaluzian baino %50 gehiago. Hezkuntzan, Euskadi liderra da bikaintasunean. Horretan guztian, osasunean, hezkuntzan eta gizarte babesean, Euskadin inbertitzen dugu. Ongizatea eta gizarte kohesioa hobetzen”. Josune Gorospek PPri gogoratu dio Gobernu honen begibistan dagoela behartsuenekiko konpromisoa eta galdetu du zein den PPk Euskadirekin duen konpromisoa.

    Aurrekontu-proiektuak Ganberako azken tramitea gainditu du gaur, abenduaren 23an onartu aurretik. EH Bilduk, PPk eta UPyDk aurkeztutako hiru osoko zuzenketak baztertu dituzte, EAJ-PNV eta PSE-EEren botoez.