Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/09/18

Aukera bi baino ez daude gobernatzeko: Urkullu-EAJren buru argitasuna edo EH Bildu-Podemosen nahasmena

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVren alderdikide, alderdizale eta hautesleak ohartarazi ditu inkesta guztiek iragartzen dituzten emaitza onak ikusita eman daitekeen gehiegizko erlaxazioaren aurrean
Mitina

Irailaren 25ean bi aukera baino ez daude jokoan: EAJ-PNVk eta berraukeratua izateko aurkezten den Iñigo Urkullu hautagaiak ordezkatzen dituzten ziurtasuna, seriotasuna eta egitasmo argia batetik; edo Bildu eta Podemos taldeek osatzen duten bikoteari lotzen zaizkion esperimentua, abentura eta nahasmena. Hori da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur EAJk Urdaneta kalean egin duen ekitaldian, donostiarrei helarazi nahi izan dien mezua. Mitin berean hitz egin dute Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek, Eusko Legebiltzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendako bigarren doan Bakartxo Tejeriak , eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailburu eta Gipuzkoako hirugarren Arantxa Tapiak.

Ortuzarrek Urkullu eta EAJ-PNVren garaipena nahi duten euskal herritarrei ulertarazi nahi izan die inkestak, hauteskundeetako garaipena talde jeltzaleari ematen dioten arren, inkestak baino ez direla. Esanahia izango duen bakarra izango da datorren igandean hautestontzietan jarriko den botoa. Jeltzaleen buruaren esanetan, orain arte ezagutu izan diren inkestek hainbat ondorio planteatzen dituzte. Urkulluren lidergoaz eta PP eta PSOEren beherakadaz gain, Ortuzarrek beste bi azpimarratu ditu. Batetik, “Podemosek ez duela sorpassoa ematea lortzen eta Ezker Abertzalea ez dela hondoratzen, baina , kontuz, elkarrekin indar handia izan dezakete”. Eta bestea da “Gobernatzeko aukera bi baino ez daudela: batetik, EAJk eta Iñigo Urkulluk lehendakari gisa ordezkatzen dutena; eta bestetik, EH Bildu eta Podemosen batura. Biek esan dute EAJren alternatiba izan nahi dutela eta EAJ boteretik kendu nahi dutela. Ez dakigu oso argi zertarako nahi duten, baina zilegia da horrela planteatzea”.

Planteamendu hori eginda, Ortuzar gaiaren muinera joan da eta donostiarrei eta gipuzkoarrei galdetu die herriaren zainketaren ardura nori emango dioten. “Nik ez dut zalantzarik, argi eta garbi, Iñigo Urkullu aukeratuko dut. Herri honen etorkizunak esku onetan egon behar du eta eskurik onenetan egongo da”, esan du. “ Begiratu bestela eztabaida biei eta albistegiei. Urkullu eta EAJ ziurtasuna dira, proposamenak, zenbaki argiak, konpromiso zehatzak enpleguarekin, gazteei eman beharreko laguntzekin eta gizarte babesarekin; Podemosek eta Bilduk direnak eta ez direnak egingo dituztela esaten dute baina beren burutazioak nola ordainduko diren esan gabe, EAJk eta Urkulluk bakea finkatzeko ekinbideak eta etorkizunerako benetako bizikidetza eskaintzen dituzte ; Bildu, iraganean nahastuta dago eta hiltzea txarto egon zela esan nahi gabe. EAJk eta Urkulluk autogobernurako proposamen argia aurkezten dute, erabakitzeko eskubidea barne; Podemosek Kanadari buruz hitz egin du “ bai baina ikusiko dugu, hasiera batean bai baina gero ez” esanez. Hori da dagoena. Urkullu eta EAJ proposamenak eta gauzak argi; edo Podemos eta EH Bildu ideia falta eta nahasmena. Bi horien artean aukeratu beharko da” hausnartu du Ortuzarrek .

“Hemen, hemen bereziki, Donostian eta Gipuzkoan, aukeraketa argi baino argiagoa izango da” jarraitu du EBBren buruak. “Direnak eta ez direnak egingo zituztela agindu zuten eta gero inposaketa baino ez zuten ekarri, desastrea eta zabor poltsak zintzilikatzeko pintxoak, besterik ez. Zuek sufritu duzue hori dena. Irailaren 25ean, Gipuzkoako hiritarrek eta Euskadi osoko hiritarrek zera galdetu behar dute: noiz bizi gara hobeto, orain EAJrekin ala Bildukoak beren inposaketarekin zeudenean? Noiz dago lasaitasun handiagoa, elkarrizketa gehiago, aurrerapen handiagoa: orain EAJrekin ala lehen Bildurekin? . Ba, Eusko Jaurlaritzan, berdin. Urkullu eta EAJ ala Bildu Podemosekin edo Podemos Bildurekin, aukera bi horiek berdinak direlako. Baina, benetan; aukerak, horiek biak dira”, esan du Ortuzarrek.

Legebiltzarreko EAJ-PNVren bozeramaileak, Joseba Egibarrek, Estatuari –eta alderdi espainiarrei- exijitu die errespetatu dezatela euskal herritarrek libre eta demokratikoki erabakitakoa. “Gauza bakarra eskatzen dugu: errespeta dezatela herri honek libre eta demokratikoki erabakitakoa”, eskatu du, “herri bat garelako, identitate propioa daukagulako eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugulako”, adierazi du.

Datuak ikusita, Egibar konbentzituta agertu da “herri honek estatu propioa izateko baldintzak betetzen dituela eta horretarako eskubidea duela”. Eta baieztapena argudiatu du, hainbat adibide erabilita; besteak beste, espainiar eta euskal defizit publikoa eta zorra konparatuta. “Ez da egia –espainiarrek esaten duten bezala- beraiek gabe galduta gaudenik”, ohartarazi du, “jakin badakite eskumenak gure eskuetan baldin badaude eurek baino hobeto kudeatuko ditugula”. “Etorkizuna gure esku dago eta hori badakite”, ondorioztatu du, “eskumen guztiak nahi ditugu euskaldun guztien bizi-kalitatea hobetzeko, guztiena: abertzaleena eta abertzale ez direnena”. 

Gaurko mitinean parte hartu du baita ere Bakartxo Tejeriak –lehen aldiz ama izan zenetik-. Tejeria EAJren hautagaia da berriro ere Eusko Legebiltzarreko presidente izateko. Bere hitzaldian, azken lau urteotako balantzea egin du eta ondorioztatu du “egiteko asko badago ere”, aurrerapena ezin dela zalantzan jarri. “Legegintzaldi galdua izan dela sinestarazten saiatzen direnen aurrean, hori ez da egia; eta ez dut nik esaten, datuek erakusten dute bide onetik goazela”, nabarmendu du.

Kalitatezko enplegua sortzea, gure gizarte babeserako sistema indartzea, eta Euskadirako estatus berria zehaztea dira datorren legegintzaldirako “erronkak”, adierazi du. “Herri hau adinez nagusia da, eta bere etorkizunaren jabe izan nahi du; Euskadiren aitortza juridiko-politikoa lortu behar dugu nazio gisa”, esan du. “Hemen bizi garenok eskubidea dugu libre eta demokratikoki gure etorkizuna erabakitzeko”, baieztatu du, “eskubidea da, gure eskubidea, guztiona, abertzaleona eta abertzale ez direnena”.

Azkenik, Euskadi txikia izan arren ekarpen handiak egin dituela munduan zehar azpimarratu du Arantxa Tapiak. “Basque Country edota “Euskadin Egina” marka bidaiatzen dugun herrialde ugarietan ikusi dugu. Hortxe hor Hego Afrikara eraman gaituen hegazkinaren motorrak; Mexiko Hirian ikusitako trenak; EE.BB. edo Eskozian bisitatutako parke eolikoak; Londreseko gastronomia, edota Marseillako autobus elektrikoak. Bidaiatu dugun bakoitzean euskal industriarekin topo egin dugu”.

Urte askotako lana izan da. Hamarkadak izan dira I+G+b bultzatzen, Euskadi euskal industria eta enpleguaren alde eraiki ahal izateko. Honi esker emaitzak ditugu aipagai nahiz eta oraindik badiren erronkak gainditzeke. Errealitatearen demagogian egiten dutenen aurrean, EAJ-PNVk ekimen zehatzak eta egingarriak proposatzen ditu. “Errealitatearen parte gara. Euskadiren beharrak eta bertuteak ezagutzen ditugu. Euskadiko pertsonengan sinesten dugu, baita bere potentzialean ere. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube