• 04 ABE 18

    Astiñene zubi berriaren lanak esleitu dira

    Astiñeneko zubi berria, hain zuzen ere, egungo zubia ordezkatuko duen azpiegitura, beste aurrerapauso bat eman du. Donostiako alkate Eneko Goiak aditzera eman du, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duela zubi berriaren eraikitzea Construcciones Murias enpresari esleitzea 3.022.739 euroren truke. Enpresak 15 hilabeteko epea izango du zubia eraikitzeko.

    Astiñeneko zubi berria eraikitzeko proiektua LKS Ingenieria eta Ingenieria Zero UTE delakoak idatzi zuen, eta egungo zubiaren ondoan kokatuko da. Horretarako, Donostiako Udalak Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasunaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu behar izan zion itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunetatik 1.727m2 okupatzeko.

    Zubi berriak ez du zutaberik izango ibaian eta, ondorioz, ubidea hobetuko da eta ur-goraldiak izaten direnean uholdeen arriskua ekidingo da. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Espartxoko zubia ere exekuzioan dagoela, Urdintzuko zubia izango da Urumeak Donostian duen oztopo hidrauliko bakarra. 

    Larramendi oinezkoentzat

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Larramendi kalea Urbieta eta Prim kaleen artean oinezkoentzat bihurtzeko lanak egiteko proiektua. Udaletxeko Bide Publikoetako Zerbitzuak idatzi du proiektua, 199.961 euroko aurrekontua du eta enpresa esleipendunak 2,5 hilabeteko epea izango du lanak egiteko.

    Iztueta

    Tokiok Gobernu Batzordeak INSE RAIL enpresari segidako kontratua esleitu dio: Iztuetako beheko pasabidea egitearen ondorioz berriz jarri beharreko instalazioen gaineko proiektua idazteko (segurtasuna, telekomunikazioa eta elektrifikazioa) kontratua. Eta kontratu honen prezioa 46.585 eurokoa da, eta enpresa esleipendunak 2 hilabete izango ditu proiektua idazteko.

    Horrenbestez, Udalak egungo beheko pasabidearen estrukturan konponketak egingo ditu, izan ere, egoera txarrean dago eta, ondorioz, pasabidea itxi behar izan zuten. Horretarako, hainbat arku eta trenbideen gaineko hormigoia berrituko du.

    Euskara diru-laguntzak

    Tokiko Gobernu Batzordeak oniritzia eman dio udako ikastaroetan euskara ikasi duten pertsonei diru-laguntzak emateko. Horrenbestez, 18.607 euroko diru-laguntza onartu du. Eta kopuru hau eskatzaileen artean banatuko da, eta betiere, kontuan hartuta, eskatzaile bakoitzak ezin duela matrikularen %55 baino gehiagoko diru-laguntza jaso.