• 11 URT 19

    Arrasateko EAJ-k gogor gaitzesten ditu alderdiarekiko eraso zuzen eta mehatxuak

    Jeltzaleek adierazi dute horrelako ekintzak demokrazia eta askatasunetik baino, totalitarismotik eta faxismotik gertuago daudela. EAJ-PNVk bizikidetzaren alde lanean jarraituko du, bere bideari eutsiz, Arrasate eta arrasatearren alde lanean eta inposaketen aurrean amore eman gabe.

    Arrasateko EAJ-PNVk gogor salatu ditu bart batzokiaren aurkako erasoa bai eta azken hilabeteetan  pankarta bidez alderdiari, alkate zein zinegotziei egindako mehatxuak.  Jeltzaleek adierazi dute horrelako ekintzak demokrazia eta askatasunetik baino, totalitarismotik eta faxismotik gertuago daudela eta EAJ-PNVko gizon eta emakumeak beldurtzea helburu badute ez dutela horrelakorik lortuko.

    Jeltzaleek bizikidetzaren alde egiten duten apustua berretsi dute, adieraziz, bizikidetza apurtzen duten ekintza horien aurrean ez dutela atzera pausorik emango.

    Izan ere, Duela bi urte jarri zen abian Oroimenaren eta Elkarbizitzaren mahaia Arrasateko udaleko indar politiko guztien parte hartzearekin eta egindako lan horrek hainbat emaitza eman ditu.

    EAJ-PNVk argi du, beraz, hori dela bidea, elkarrizketa, elkarlana eta elkarrenganako errespetua, eta bide horretan ez daukate lekurik horrelako ekintzek. EAJ-PNVk bizikidetzaren alde lanean jarraituko du, bere bideari eutsiz, inposaketen aurrean amore eman gabe.

    Horregatik, mahaia osatzen duten alderdi guztiei ausardia eskatzen die EAJ-PNVk  eta publiko ager daitezela akzio guzti hauek salatzen. Bestela, argi utziko dute elkarbizitzari ekin dioten bidea ez dela izan zintzoa. 

    Amaitzeko EAJ-PNVk adierazi du, guztion artean eraikitako Arrasate aske bat nahi dutela, bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako Arrasate bat.