• 25 OTS 19

    Andoaingo EAJ-PNVk zirkutzat jo du EHBilduk udal aurrekontuekin egindakoa

    EAJ-PNVk aurkeztutako emendakin denak, guztira 584.000 euro, baztertu egin ditu EHBilduk.

    Mari Jose Izagirre, EAJ-PNVren bozeramailea, azken plenoaren ondoren “dezepzionatuta” agertu da udal gobernu taldeak izandako jarrerarekin aurrekontuen eztabaidaren inguruan. Jeltzaleen iritziz, “EHBilduk zirkua egin du udal aurrekontuekin, beraiek aurkeztutako proposamen berari emendakinak egin dizkietelako”, hain zuzen. Izagirrerentzat hori “gertaera benetan bitxia” da, “ulergaitza baita aurrekontu proposamena egiten duen horrek berak bere dokumentuaren egokitasuna zalantzan jartzen duten emendakinak aurkeztea”. “Halakorik ez da inoiz ikusi”, esan du Izagirrek.

    Jeltzaleek salatu egin dute EHBilduren nagusikeria, azalduz, “EHBilduk inoiz ez” duela “aurrekontuak hobetzeko borondaterik izan eta EAJk aurkeztutako lehen emendakinetik azkeneraino”, baztertu egin dutela. Hala, Izagirrek adierazi du EH Bilduk gezurra esan diela herritarrei eta manipulazioa erabili duela, EAJren emendakinak onartu dituztela esaterakoan, EHBilduk ez baitu “ezta euro bakar bat ere adostu, eta horrela erakutsi dute zein den beraien egiazko borondatea”.

    Honenbestez, Izagirrerentzat onartutakoak aurrekontu “makalak” dira, “inbertsiorik ia ez dutenak, puztutako gastu aurreikuspen irreal batekin eta diru-sarrerak estututa”. Izagirrek azaldu duenez, “EAJ agintaldiaren lehen erdian EHBilduren lehentasunezko aliatu izatetik, aliatu exigenteegia izatera igaro da”. Gertatutakoak gertatuta, EAJ-PNVren bozeramaileak zera ondorioztatu du: “EHBilduri aliatu berrien babesa oso merke atera zaio”.