• 11 OTS 19

    Andoaingo EAJk hobetu egingo du EH Bilduren aurrekontu proiektua 584.000 euroko emendakin sorta batekin

    Marijo Izagirrerentzat EH Bilduk aurkeztu duen aurrekontu proiektua “kontinuista da eta aurreikusten diren inbertsio urriak, soilik erremanentera mugatzen dira” eta aldeztu du “EH Bilduren nagusikeriaren eta gutxiespen politikoaren aurrean negoziaziorako jarrera dugu, proposamen errealista eta egingarriekin”

    EH Bilduren gobernu taldearen aurrekontu proposamena ez da EAJ-PNVren lerroetan batere gustatu, “ez edukietan, ezta erabilitako formetan ere”, Mari Jose Izagirre bozeramaile jeltzalearen hitzetan. Azaldu duenez, duela aste bete aurkeztu zieten aurrekontu proposamen itxi bat, “ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe eta onarpen-data zehaztu batekin”. Izagirrek jarduteko era horren atzean “EH Bilduren nagusikeria eta gutxiespen politikoa” ikusten du baina, azaldu duenez, “konfrontaziotik urrun, EAJ-PNVk jarrera eraikitzaileari eutsiko dio, proposamenekin eta ideiekin”.

    “liskarrak eta iskanbilak iraganeko beste garai batzuei dagozkie, eta EAJ-PNVk era positiboan lan egiten jarraituko du”, azaldu du Izagirrek, “legealdi osoan egin den bezala”. Gogora ekarri duenez, “jeltzaleak erabakigarriak izan dira 2016 eta 2017 urteetan Udalak zuen blokeo egoeratik ateratzeko” eta, halaber, “EAJren ekarpena ezinbestekoa izan da legealdi osoan egin diren inbertsio ia guztiak gauzatzeko”.

    Hala eta guztiz ere, Izagirrek agertzen duenez, jakin badakite “gaur egun plenoetako gehiengoak aldatu egin direla, eta “jeltzaleen babesik gabe ere aurrera egin dezakeela EH Bilduk”.  EAJ “aliatu exigenteegia” da EH Bildurentzat, Izagirreren ustez, eta horregatik udal gobernua “anbizio gutxiagoko akordioen bila joan da, beste zinegotzi batzuen babesa bilatuz”.

    Horrenbestez, aurrekontu proposamena “kontinuista” da jeltzaleen iritziz eta “aurreikusten dituen inbertsio urriak soilik erremanentera mugatzen baititu”. “Aurkeztutako dokumentuaren anbizio falta” ulergaitza suertatzen zaio Izagirreri, eta hori horrela, “aurrekontuak hobetu eta andoaindarren lehen mailako premiak betetzeko proposamenak” egingo ditu EAJk.

    Proposamen “errealista eta egingarriak”

    “Arduraz egindako proposamen errealista eta egingarriak” direla azpimarratu du Mari Jose Izagirrek eta alderdiak izango duen jarrera “irekia eta negoziatzailea” izango dela aurreratu du. Aurkeztuko diren emendakinak lerro hauetan banatuko dira:

    • HERRIKO ARGITERIAN HOBEKUNTZAK – (100.000 €): Argi puntu berrien instalazioa (farola edo luminaria gehiago) eta daudenen mantentzea eta garbitasuna hobetzea.
    • ZUHAITZ-INAUSTE BERRIAK – (49.000 €): Askotariko beharrei erantzuteko ez-ohiko inausteetarako partida espezifikoa.
    • ISEN PROGRAMA (GIZARTE ZERBITZUAK) – (25.000 €): Andoaingo haurrek izan ditzaketen arazoak antzemateko eskola-programa: bullyinga, tratu txar motak...
    • RENFE-KO GERALEKUKO TXARTELDEGIA – (25.000 €): Adif-ek Udalari eskatu dio txartelak erosteko makina jartzeko kaseta bat instala dezala Tolosarako noranzkoan, horrela, geralekuaren bi aldeetan txartelak erosi ahal izateko.
    • BASERRI BIDEETAN HOBEKUNTZAK (75.000 €): Landa inguruetan eta hainbat baserritarako sarbideetan hobekuntza lanak.
    • LEIZOTZEKO UR SAREA – (310.000 €): Leizotzeko udal sare berriaren lanak, Baltzuketa (depositoa) eta Galardi artean. Inguruko baserri eta etxebizitzen hornidurari eragiten dio.

    Bestalde, erremanentea erabiliz ordaintzeko proposamenak ere prest ditu EAJ-PNVk. Jeltzaleentzat “ezinbestekoa da udal-jabetzakoa den pabiloi baten erosketa eta, horretarako, milioi bat euroko estimazioa egiten dute. Mari Jose Izagirrek ohartarazi duenez, “azken bi legealdietan pabiloiaren alokairurako erabilitako dirua erosketarako erabiliko bazen, dagoeneko ordaindutako pabiloi baten jabe litzateke Andoaingo Udala”. Operazio hori berehala egin daitekeela ulertu arren, aurrekontuetan egokiago ikusi omen dute alokairu partzial baterako aurreikuspena egitea, “hain justu, operazio hori egiteko denbora berdinean”.

    Azkenik, Izagirrek gogorazi du 2017 urtetik exekutatzeke jarraitzen dutela Olagain auzoko isurien saneamenduak eta bideratze lanek. Honetan bat egiten du EAJk EH Bildurekin, gaia 2019 urterako lehentasunen artean kokatuz. Honela, “akordioak lortzeko erabat irekita” daudela azaldu dute jeltzaleek, helburu batekin, “guztien artean udal kontuak hobetu ahal izatea”.