Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/08

Andoainen Bilduk bere porrota demagogiaz estali nahi du

Akordio ezak eta Bilduren gestio desegokiak Andoain egoera ez-egonkor batetara daramate.
Andoainen Bilduk bere porrota demagogiaz estali nahi du

Aurreko astean burutu zen Udalbatzan oso modu argian irudikatu zen gobernu taldearen bakardadea eta gaitasun eza, bigarren urtez jarraian ez baitzuen lortu Udal Aurrekontu Proposamena aurrera ateratzerik. Agintean egonik, politika arduratsua gauzatu eta pisuzko erabakiak hartu beharrean, BILDU berak hobetsi eta bilatu duen blokeo egoera dugu eskuartean. Andoaindarrei zuzenduriko gestio eraginkorra burutu beharrean, beraien lehentasunak bestelakoak dira; euren jarraitzaileei zuzenduriko eta "itxurakeri" keinuz jositako jokabidea dutelarik.

Dagoeneko ohiko "guztiak BILDUren kontra daudelako" aitzakia erabiltzen jarraitzea onartezina da, bezpera arte mahai gainean izan baitute EAJ-PNVek burututako proposamen formala.

Jeltzaleok akordio global batetarako proposamena eskaini diegu, non Andoainen berraktibazioa lortzeko konpromiso zehatzak biltzen ziren. Eginiko proposamenaren dimentsioa hain da zentzuzkoa, legealdi honetaz haratago doan akzio plan bat eta konpromisoak biltzen zirela; 2014 eta 2017 bitartean gauzatzeko.

Akordio global honekin, herriaren eta hiritarren garapen egokia galarazten duen Udalaren blokeo egoera gainditzea lortuko litzateke. Akordio hau posible izan balitz, BILDUko gobernu taldeak 2014rako udal aurrekontuaren onartzea ahalbideratuko zuen eta gobernuaren ekite ahalmena bermatzea legealdi amaiera arte.

Honenbestez, ez dugu ulertzen Ana Carrere alkatearen harrokeria udalbatzan egindako agerraldian, gure ekarpena gutxietsiz eta mesprezatuz; ondoren, aldi berean, kalean bere burua biktima gisa aurkezten duelarik, bere eta BILDUren aurkako "konspirazioa" existituko balitz bezala.

EAJ-PNVren ustez jarrera horrek argi adierazten du gobernu taldeak gutxieneko akordio batetara iristeko duen borondate eza. Politikan ezinbestekoa da hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioetara iristeko gaitasuna izatea, eta Andoaingo BILDU ez da gai izan “hitz politetatik” konpromisoetara eta xehetasunetara igarotzeko; ez dute gaian sakondu nahi izan, ez dute partida ezberdinez, zenbakiez eta aurreikuspenez hitz egin nahi izan.

Herri-politika egiteari uko egiten diotela ondoriozta dezakegu. Ez dira konturatu 3 urte igaro direla Andoaingo udalaren agintea eskuratu zutenetik; botere aulkian eseri diren arren, oposizioan egongo balira bezala jokatzen jarraitzen dute. Beraien ekite ahalmena uste genuena baino are murritzagoa dela konprobatu dugu, ez dute Andoainerako proiektu eta estrategiarik; beraien herri mailako zeregina alderdiaren interes orokorragoetara makurtzen da, eta ez dute bat egiten andoaindarren lehentasun errealekin.

EAJ-PNVtik argi dugu Andoaingo arazoak Andoainen konpondu behar direla, eta horretarako ezinbestekoa dela ausardia, elkarrizketa eta inplikazioa. Bide honetan, 4 lan ildo nagusi ezarri ditugu, gure iritziz ezinbestekoak eta onargarriak direnak.

DEFIZITAREKIN AMAITZEA
Ez dugu ulertzen akumulatutako defizitarekiko Bilduk adierazten duen ekintza-eza, bere kaxa konponduko balitz bezala jokatuz. Lehentasunez ekin behar zaio, modu arriskutsuan hazten jarrai ez dezan.

BIZILAGUNENGAN ONURAK ERAGINGO DITUZTEN INBERTSIOAK
Inbertsio partida garrantzitsua ezinbestekoa da, gutxienez Bilduk egiten dituen aurreikuspen positiboenak hirukoiztuz. Ur-sarearen eraberritze lan progresiboak eta edukiontzi marroiaren ezartzea lehenetsi behar dira.

GESTIO ERAGINKORRA ETA GASTU ARRUNTAREN MURRIZTEA
Gastu partida ezberdinen berrikuspena proposatzen dugu eta beharrezko ez direnen murriztea ezinbestekoa da, gero eta udal eraginkor eta jasangarriagoa lortuz.

GASTU SOZIALA INDARTZEKO FONDOA
Gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten laguntzak, eta horiek iritsi ezin daitezkeen kasu eta beharrak osatuko lituzkeen poltsa baten sorrera.

Lau premisa horiek, balizko akordio batetan sakontzeko EAJ-PNVk proposatu dituen abiapuntuak dira. BILDUk onartu nahi izan ez dituen premisak. Nahiz eta ustez “printzipio orokorretan” ados egon gintezkeen, printzipio horien egikaritzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak diren konpromisoak hartzerakoan arazoak sortzen dira. Negoziaketen porrota atsekabez jasotzen dugun arren, ez diogu uko egin nahi Andoaingo plenoan ordezkaritza duten gainerako alderdiekin akordioa bilatzeari. EAJ-PNVk Andoainen eta andoaindarren alde lanean jarraituko du modu aktibo eta eraikitzaile batean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube