• 14 OTS 19

    Amaia Albizuk bat egin du Eibarko EAJren hautagaitzarekin

    Amaia Albizu Llubia, 39 urteko eibartar euskalduna, zinegotzi izateko hautagai izango da datorren maiatzean izango diren udal hauteskundeetan, Josu Mendicute buru duen zerrendako goiko postuetan parte hartuko baitu, independente gisa

    Gizarte Langintzan diplomatua da eta Bilboko Udalean dihardu lanean, Haurtzaro Zerbitzuko Bulegoko Burua da. Beste hainbat udaletan lan egindakoa da Albizu, besteak beste Vitoria-Gasteizen, Eskoriatzan, Donostian, Ibarran edo Eibarren, eta gizarte langile lanetan aritu zen baita ere Lundeko Unibertsitatean (Suedia).

    Lan eskarmentuagatik, ondo ezagutzen du udal administrazioa, eta orain udal gobernuko kide izateko erronkari helduko dio, hauteskundeen ondoren Mendicute alkate baldin bada. “Azken 15 urteotan udal eta foru kudeaketa ezagutu dut eta horretan ibili naiz, Gizartekintza alorrean, EAEko hiru lurralde historikoetako hainbat udalerritan. Niretzat konpromiso pertsonala da justizia sozialaren alde egitea, eta horrek bultzatu nau, pilatutako esperientziarekin batera, pausu hau ematera. Eibarrek lanerako tresnak, baliabideak eta sareak behar ditu herritarren ongizatea ahalbidetzeko”.

    Albizuk funtsezko deritzo “nagusien eta haurren hiri proiektu lagunkoia, hiriek gaur egun dituzten erronkei erantzungo diona”. Erronka horien artean aipatu ditu, besteak beste, bakardadea, zahartzaro aktiboa, dependentzia, amatasuna/aitatasuna eta lanarekin bateragarri egitea, gazteentzako aisialdi osasuntsurako aukerak, “ahaztu gabe langabezian dauden pertsonak, edo egoera ahulenean daudenak, guztien gizarteratzea da gure ardura”.

    Konpromiso sozial handia erakutsi du Albizuk. Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeko bolondresa da 1997tik, eta kooperatzaile aritu zen Barranquillan (Kolonbia). Aldatzen elkartean ere parte hartzen du 2005etik hona. Eibarko kultura-bizitzan parte hartzen du eta ohikoa da berarekin topo egitea. EAJ-PNVren Eibarko Alkategaiak, Josu Mendicute Rodriguezek, adierazi du Albizu taldean sartu nahi izan duela “pertsona benetan zintzoa delako, nekaezina delako eta Eibar asko maite duelako”. Hori dela eta, baieztatu du “oso pozik” dagoela Albizuk hautagaitzan parte hartzeko proposamenari baietza eman izanagatik.