• 02 EKA 17

    Alokairu beka ekimena proposatu du udal gobernuak

    Gaur egun dauden programekin alderatuz, gobernuaren ekimenak oinarri berriak izango ditu eta horien arabera, 18-30 urte bitarteko gazte taldeek alokairurako laguntza eskaera bateratua aurkeztu ahal izango dute. Ekimena batez ere ikasleei zuzenduta dago eta helburu du alokairu partekatua sustatu eta herriko gazteei emantzipazio eta etxebizitza aukera berriak eskaintzea.

    Gobernu taldeak urratsak ematen jarraitzen du alokairu zein etxebizitza babestua bultzatzeko. Iazko udan esate baterako, Visesa etxebizitza sustatzaileekin elkarlanean, herritarren artean dagoen etxebizitza babestuen eskaera maila zein den ezagutzeko kanpaina gauzatu zuen.

    Oraingoan, aldiz, gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintze aldera,  hauteskunde programan jasotakoari helduz eta emandako hitza beteaz, aurrera pausoak eman ditu haien emantzipazioa erraztu eta ahalbidetzeko.

    Horretarako, lehenik eta behin, 2017ko aurrekontuen baitan alokairu laguntza programa berria abian jartzeko kontu saila sortu zuen eta azken hilabeteotan Alokairu Beka gisa izendatu duen proposamenaren oinarriak sortu eta landu ditu eta aste honetan bertan oposizioari aurkeztu dizkio batzordean.

    Gaur egun horrelako programa ugari badaude ere, gobernu taldeak proposatutakoa aitzindaria izango da bailara mailan. Izan ere, proposamenaren oinarriak landu eta lehen zirriborroa osatzeko, udal gobernuak azterketa sakona egin eta inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu ditu adibide gisa.

    Alokairu Bekaren nondik-norakoak

    Alokairu Beka programa bereziki ikasleei zuzendutako ekimena da eta helburu du 18-30 urte bitarteko gazteen emantzipazioa erraztea eta horien artean alokairu partekatua sustatzea. Bide horretatik, gazteek laguntza eskaera bateratua aurkeztu ahal izango dute eta eskari horiek indibidualek baino diru laguntza handiagoa jasoko dutela adierazi du Udalak. “Gaur egun, ikasle eta gazte askok, ordu gutxiko edo asteburuetako lanak izaten dituzte eta irabaziekin ezin dute bere kasa emantzipatu, ez baitira horrelako programek eskatu ohi dituzten diru-sarrera minimoetara iristen”, adierazi du gobernu taldeak.

    Alokairu Bekaren bitartez, ordea, gazteen emantzipazioa erraztu eta alokairu partekatua sustatzeko apustuan, eskaera bateratua aurkeztuta, alokairuaren %65-75a ordaintzeko diru laguntza ematea planteatu du gobernuak. “Aztertu ditugun gainerako herrialdeetan, gehienez alokairuaren %50a ordaintzeko laguntzak eskaintzen dira, baina Zumaian, kostako herria izanik, alokairuak barnealdeko herrialdeetan baino garestiagoak dira, beraz, gazteen mesedetan, kopuru hori igotzea proposatu dugu”, gehitu du gobernu taldeak.

    Ildo beretik, ekimen horrekin gazteen artean kontratu bidezko enplegua bultzatu nahi dutela adierazi dute gobernu kideek. “Zumaiako gazteei etxebizitza aukera berriak eskaini nahi dizkiegu eta horretarako ezinbestekoa da kontratu bidezko enplegua sustatzea, horiek ordu gutxikoak edo asteburuetakoak badira ere”, gehitu dute.

    Datozen asteotan oinarri eta gainerako ezaugarri guztiak zehaztu eta ekimena uztaileko ohiko osoko bilkuran onartzea aurreikusi du gobernu taldeak. Behin prozedura hori itxita, behin-betiko programaren xehetasunak azalduko dituela esanez amaitu du.