• 01 API 16

    Aldundiak herritarren partaidetzarako 40 prozesu sustatuko ditu 2016an, bere departamentu guztiak inplikatuz

    Urteko Planak 1.065.000 euroko inbertsioa eta hainbat neurri aurreikusten ditu herritarrek politika publikoen ezarpenean duten rola indartzeko

    2016ko Herritarren Partaidetzako Plana aurkeztu du gaur Aldundiak. Tresna honen bitartez, gizartea Gipuzkoaren proiektuan konprometitu nahi du, herritarren eta orotariko eragileen protagonismoa erraztuz politika publikoen diseinuan, ezarpenean, eta ebaluazioan. “Gertutasunean, irekitasunean eta konfiantzan oinarritutako harremana finkatu nahi dugu, parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak irekiz. Partaidetza da gobernantza onaren oinarri nagusietako bat. Politika ulertzeko eta gauzatzeko modu berri baten alde egiten ari gara. Pertsonen neurrira egindako kudeaketa egin nahi badugu, persona guztien babesa, ideiak eta energia lortzeko gai izan behar dugu”, azaldu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko Diputatuak.

    1.065.000 euroko aurrekontua du Planak. %80, partaidetza zabaltzeko eta errazteko ekintza eta jardueretara bideratuko da. Lehen atalaren barruan, herritarren partaidetzarako 40 prozesu diseinatu dira guztira, Aldundiko departamentu guztien, eta 28 zuzendaritzen inplikazioarekin. “Honek argi eta garbi adierazten du ez dela ekimen isolatu bat, baizik eta apustu transbertsal bat, erakundearena bere osotasunean, eta bere eguneroko jarduera hartzen duena”, azpimarratu du Lasak.

    Hala, herritarren egitekoak berebiziko garrantzia edukiko du “askotariko alorretan”: euskaran, gazteria politiketan, garapen jasangarrian, mugikortasunean, ekonomia sustapenean, garapenerako lankidetzan, emakumezkoen kirolean… Proiektu zehatzen artean daude, besteak beste, Pasaialdearen biziberritzea, bizikletaren erabilera, Donostiako Carlos I. kaleko sarbideak, energia planak, Nazioartekotzeko Euskal Kontseilua, Armundarai-Ibiur, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako zerbitzuaren definizioa, herritarren arretarako foru zerbitzuarena, edo open data arloko foru arau berria.

    Partaidetza errazteko ekintzei dagokienez, berritasun nagusietako bat izango da Partaidetza Birtualeko Plataforma edo Gune berriaren diseinua. Honen bitartez, parte hartu eta eztabaidak sortu ahalko dira Aldundiko departamentuetatik, zuzendaritzetatik, eta bere menpe dauden bestelako egitura eta organuetatik sustatutako prozesu eta proiektuetan.

    ‘On line’ plataforma hau uda baino lehen egongo da martxan eta, diputatuak jakinarazitakoaren arabera, aurrerapuso kualitatibo handia ekarriko du. “Argi daukagu gaur egun bileretatik eta aurrez-aurreko formatuetatik harago jo behar dugula, eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatu behar ditugula jendearekin konektatu, eta bere ekarpenak, proposamenak eta eskaerak jasotzeko. Gaur egun, ezin dugu partaidetza planifikatu, kontuan hartu gabe nolako garrantzia duten gure eguneroko bizimoduan sakeleko telefonoak, ordenagailuak, edo tabletak. Oso tresna berritzailea izango da abiaraziko duguna”, aurreratu du.

    Halaber, Aldundiak Herritarren Partaidetzarako Gida sortuko du, partaidetza prozesuak garatze aldera. Lasak adierazi duenez, abstrakzioaren arriskua ekiditen du Gipuzkoarentzat proposatzen duten partaidetza eredu berriak. “Argitasuna eta zehaztasuna behar-beharrezkoak dira. Joko arauak eta konpromisoak definitu behar dira, bai prozesuak irauten duen bitartean, eta baita bukaeran ere”. Gida honetan finkatuko da zer (gaia), nola (metodoa), zer bitartekoekin (IKTak, aurrekontuak, etab.), noiz (epeak), zergatik (arrazoiak) eta zertarako (helburuak). Gida hau beste batzuekin osatuko da, foru langileei, udalei, edo elkarteei zuzendutakoekin, esaterako.

    Partaidetzako Gizarte Kontseiluaren sorrera izango da beste berritasun bat. Aholku-organo gisa eratuko da, erakunde eta eragile desberdinen proposamenak bideratzeko, eta proposamen horiek kontuan hartzeko, partaidetzako prozesuen identifikazioa, egikaritzea eta ebaluazioa bezalako alderdiei dagokienez, besteak beste. Gipuzkoako 40 gizarte ordezkarik osatuko dute, guztiak ere ospe handikoak kultura, ekonomia, edo gizarte alorretan. Herri Erakundeen Erregistroa ere aktibatuko da Planaren barruan, Lurraldeko “elkartegintza sare aberats eta zabalaren bitartez” partaidetza sustatzeko.

    Udalen Kontseilua

    Plan berriaren arabera, Udalek, erakunderik gertukoena diren aldetik, berebiziko garrantzia edukiko dute herritarren partaidetzari bide ematerakoan, ez bakarrik tokiko mailan, baita Lurralde ikuspegiarekin ere. Helburu horrekin, Udalen Kontseilua eratuko da, erakundeen arteko elkarlan izpiritu hori instituzionalizatu, egituratu eta forma emateko. Gainera, Udalei eta Herritar Erakundeei zuzendutako aholkularitza tekniko eta metodologikoko zerbitzua jarriko da martxan, eta partaidetzako ekimenak, kontuak emateko prozesuak edota udal aurrekontuak prestatzeko partaidetza garatzeko diru-laguntza lerro berria irekiko da. 

    Aldundiak ekimen guzti hauen eta Planaren eduki guztiaren berri eman zuen, joan den otsailaren 18an alkate eta partaidetza teknikariekin egindako saioan. Lurraldeko 70 udalerri egon ziren bertan ordezkatuta.

    Udalen Kontseilua zein Gizarte Kontseilua eratzeko, prozesu parte-hartzaileak jarriko dira martxan. Beste horrenbeste egingo da Herritarren Partaidetzako Foru Arau berria onartzeko. Indarrean dagoen arauaren edukiak berrikusi eta eguneratuko dira, beharrezko aldaketak txertatuz, ondoren Batzar Nagusietan tramitatzeko. Bestalde, aurrekontu parte-hartzaileak garatzeko eredua egokituko da, 2017. urtetik hasita, Ogasun eta Finantzetako departamentuarekin, eta Aldundiko Kudeaketa Estrategikorako zuzendaritzarekin elkarlanean.

    Lasaren arabera, Planak aurreikusitako neurriek gizarte zibilaren rola indartzea dute helburu kudeaketa publikoaren barruan, erronkei, arazoei eta konponbideei “lankidetzan oinarrituta” aurre eginez. “Zenbat eta ikuspegi gehiago aintzat hartu erabakiak hartzerakoan, jendea zenbat eta gehiago inplikatu, orduan eta eraginkorragoak eta zilegitasunezkoak izango dira politika publikoak, eta hobeto erantzungo diete dauden beharrei. Partaidetza erraztea, politika anitzagoa eta aberatsagoa egitea da. Oso positiboa da pertsonentzat eta gizartearentzat. Partaidetzaren alde egitea, Gipuzkoa proiektu kolektibo eta partekatu gisa sendotzea da”, laburbildu du.

    Diputatuak gogorarazi duenez, Aldundiak badu Foru Arau bat eta Herritarren Partadetzako Zuzendaritza bat duela bi legealdiz geroztik -2010ean onartu ziren-. “Gipuzkoa aitzindari izan da bere eskumenen barruan organu parte-hartzaileak sortzerakoan. Baina momentua da ibilbide honi bultzada berri bat emateko. Datozen lau urteetako helburu estrategikoa izango da herritarren partaidetza finkatu eta instituzionalizatzea”, amaitu du.