• 02 ABE 14

    Alderdiko interesen gainetik enplegua sustatu behar da

    Lehiberri eskualdeko lehiakortasun eta berrikuntzarako zentroak helburu du enplegua sustatzea eta lan merkatura sartu nahi duen orori formazioa ematea. Tolosaldeko garapen ekonomikoan eragina duten enpresek, heziketa zentroek, erakundeek eta administrazioek bat egiten duten foroa ere bada, eta guztiek dute xede enplegu sustapena.

    Lehiberriko proiektua EAJ-PNVk bultzatu zuen aurreko legealdian, eta Estatuak dirua bidera zezan lortu zuen, PSOE gobernuan zela. Halaber, Tolosaldeko eskualdeko hainbat udalek ere, gehienak Bilduk gobernatuak, dirua inbertitu dute zentroan.

    Lehiberrik Tolosaldeko alderdi politiko guztien babesa behar du, bizi dugun krisi ekonomikoaren baitan beharrezkoa delako talde politikoen arteko elkarlana proiektu berriak garatzeko.

    Lehiberri indartu behar dugu, eskualdeko enpresa-ehuna bertan bilduz eta eragileez gain, alderdi politikoak inplikatuz. Gure betebeharra da Tolosaldean enplegua sustatuko duten programak bultzatu eta lantzea.

    Testuinguru honetan, lekuz kanpo dago, batetik, Lehiberri alderdiko interesen arabera erabiltzea eta bestetik, hauteskunde helburuak direla medio zentroa alderdi politikoen aurkako arma bilakatzea. Gure aburuz, hori ez da tolosarrek eskatzen digutena ezta herritarrek nahi dutena ere. Egin dezagun guztiok tolosarren ongizatea hobetzearen aldeko apustu eta lana.

    Olatz Peon
    Tolosako EAJ-PNVko alkategaia