• 31 MAI 19

    Aitor Urresti alkategai jeltzaleak getariarren babesa eskertu du

    719 boto eskuratu zituzten jeltzaleek eta 5 zinegotziko lan-taldea izango dute 2019-23 legealdian Udalean. Azken 16 urteetan Getariako EAJk izandako emaitza onenak dira

    Pasa den igandeko hauteskundeen ondoren Getariako EAJko alkategai Aitor Urrestik herritarrei azaldutako babesa eskertu die: “hautagai izendatu nindutenetik, nik zein nire lan-taldeak jaso dugun babesa eta maitasuna handia izan da eta emaitzek berretsi dute hori: 719 herritarrek beren botoa eman digute, 5 zinegotzi lortuz, gure lantaldean eta programan sinetsita. Asko balio duen eta datorren legealdian garrantzitsu izango den botoa. Azken 16 urteetan Getariako EAJk izandako emaitza onenak dira eta joera horri tinko eutsiko diogu, Getariaren eta getariarren alde gogor lan eginez”.

    Urrestik bere lan-taldearentzat esker hitzak izan ditu: “zerrenda osatu dugun kideok herriarekiko dugun konpromisoa berretsi dugu. Ez da pausu erraza izaten zinegotzi eran Udalera sartzea eta erakutsi duten gogoa, grina, balioa, nahia... eskertu eta balioan nahi ditut jarri.  Lan handia egin dugu guztiok eta lan horren emaitza da getariarren konfidantza. Indartsu helduko diogu legealdiari”.

    Bide horretan, EH Bildu zein Haritz Alberdi eta bere taldea zoriondu ditu Urrestik: “Emaitza onak lortu dituzte”. Herritarrek izandako parte-hartze altua ere azpimarratu eta zoriondu du.

    “Orain Udalbatza berria osatzea tokatzen zaigu -jarraitu du alkategai jeltzaleak-. Elkarlanerako, Getariaren interesekoak diren proiektuak garatzeko eta herri indartsu eta oparoa sustatzeko bidelagun izango gara. Gure hauteskunde programak helburu hori bera zuen, eta bertan barneratu genituen proiektuei irtenbidea emateko egingo dugu lan, beti ere adostasunean eta etengabeko lankidetzan oinarrituz”. Jeltzaleek azpimarra jarri dute gizarte ongizatean eta getariarren bizi-kalitatea hobetzean, horretarako ekonomia sustatuz ere. Gainera ezinbestekotzat dute herriko zerbitzuak babestu eta hobetzea, aparkalekuaren arazoari irtenbidea ematea, irisgarritasuna hobetzea herrian zein landa auzoetan, Meagako errepidea berritzea, Elkano 500 ekimena hauspotzea edota herri-garbiketa hobetzea. “Noski, gure nortasuna zainduz eta herritarrekin estuki lan eginez”. Urrestiren hitzetan, uste dute bi alderdien artean amankomuneko hainbat eta hainbat proposamen dituztela eta izango dutela akordiorako lekua.

    “Esker hitzak herritarrei. Lanera gatoz eta guganako hautua egin duen boto bakoitzak merezi izan duela erakutsiko dugu, ziur. Getaria indartsu bat dugu jomuga, bizia, berritzailea, jasangarria, berdinzalea, euskalduna... arro sentiarazten gaituen Getaria. Hor gure konpromisoa” amaitu du Aitor Urrestik.