• 10 API 19

    Ainhoa Galdos Olazar izango da EAJ-PNVren Oñatiko alkatetzarako hautagaia

    Alderdikidez eta herritarrez inguratuta, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza campusean egin dute gaur haren hautagaitzaren aurkezpena eta, babesa emateko, alboan izan ditu Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar eta Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia. Galdosek izendapena “ohorez eta erantzukizunez” hartu du, beregan jarritako konfiantzarengatik eskertuta.

    Aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak azken urteetan lurraldean bizi izan duen aldaketan jarri du begirada, eta “EAJren zigilua” eta “gipuzkoar eredua” delako kontzeptuekin lotu ditu legealdi honetan Gipuzkoak izandako aldaketa. Olanok azaldu duenez, “kudeaketa txar batek gerarazitako lurralde bat aurkitu” zuten, “lurraldeko azpiegitura nagusiak amaitzeke zeuzkanak eta lurraldeko gizarte eta ekonomia ehunari bizkarra ematen zion Aldundiarekin”.

    Olanok jarraitu duenez, lau urteren ostean, “Gipuzkoa sendoago bat dugu”, eta haren ustetan hori lortu da “kudeaketa zorrotz, eraginkor eta jasangarria” egin delako. Kudeaketa horrek gauzatu du Deskargako lanak behingoz amaitu ahal izatea, nabarmendu duenez, “Debagoieneko komunikazioak hobetu eta bertako enpresei lehiakorrago egin dituena”. Alor ekonomikoan hobekuntza nabariak eman direla baieztatu du diputatu nagusiak eta azpimarratu nahi izan du etorkizuneko esparru ekonomikoei bultzada emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan egin duen apustu irmoa. Olanok Gipuzkoako aurrerabidearen hirugarren ardatza ere nabarmendu du: esparru soziala. Gizartearen zahartzeari aurre egiteko estrategia eta pobreziaren eta bazketerkeriaren aurkako inklusio planak izan ditu hizpide.

    Azkenik, kudeaketaren aspektu klabeetako bat eragile sozialen arteko lankidetza izan dela erantsi du diputatu nagusirako hautagaiak, “proiektuak aurrera atera dituen elkarlan bat”. Horregatik, “Gipuzkoa gaur duela lau urte baino sendoago dago, ekonomia lehiakorrago batekin eta gizarte kohesionatuagoarekin”. Era horretara egin die erreferentzia aipatutako zigiluari eta “gipuzkoar ereduari”, gizarteari dei eginez eredu hau taxutzen segi dezan, “ekonomia sendo baten alde egiten duen eredua, gizarte kohesionatu batekin, erakunde indartsuekin eta pertsonen, erakundeen eta eskualdeen arteko lankidetzan sinesten duena”. 

    EAJ-PNV, aurrera egiteko

    Kudeaketa ereduak izan ditu hizpide baita ere GBBko presidente den Joseba Egibarrek, bere ustez hor egongo baita hauteskunde hauetako “klabea”. Azaldu duenez, ezker abertzalea alkatetzan egon den herrietan ikusi da “udalerri hauek ez dutela aurrera egin. Eta aurrera egiten ez baduzu, atzeraka zoaz”. “Herri batek aurrerapausoak eskatzen ditu. Herrigintza horretan, udaletatik hasita, naziogintzan, benetan fundamentuzkoa dena EAJ-PNVren proiektua da”, adierazi du. Egibarrek lanean jarraitzera deitu die alderdiko erakundeetako arduradunei, “harrotasunez, baina harrokeriarik gabe, elkarrizketa erabiliz nazio sendoa herrietatik eraikiz”. 

    Egibarrek EAJ-PNVren ibilbide historikoan ere jarri du azpimarra, ezker abertzalearenarekin alderatuz. “Beraiek kudeaketatik oso urrun egon dira beti, beste gerra batzuetan ibili dira”, esan du, eta azken urteetan eman duten aldaketari erreparatu dio gero: “Orain, berriz, kudeaketan onak garela aitortzen dute, haiek ere gestioan murgildu beharrean daudelako. Gu gauden posizioetara etorri nahi dute, ba ongietorriak. Honek erakusten du EAJ-PNV ondo aritu dela urte guzti hauetan”, nabarmendu du. Ideia honetan sakondu du gero Egibarrek: “Zure herria maite baduzu, herri hori eta herritarrak errespetatzen dituzu, eskubide guztietan. Eta nork esan dezake hori herri honetan, nork esan dezake giza eskubide guztiak errespetatu dituela? Ikuspegi abertzale batetik, behintzat, EAJ-PNVk bakarrik. Nork egin du euskal instituzioen defentsa orain arte? Guk, EAJ-PNVk”. 

    Arduradun jeltzaleak bide honetatik jarraitzearen alde egin du, “han eta hemen, Oñatin, Madrilen edota Bruselan”. Helburua, betiere, Euskadik aurrera egitea izango litzateke arlo ekonomiko, sozial zein politikoan. “Estatuarekin berdintasunezko erlazioa behar dugu aurrera egiteko, ez mendekotasunezkoa. Eta, gaur egun, tokatzen den ministroaren umorearen menpe bizi gara, transferentziekin ikusten ari garen bezala. Eskema aldatu beharrean gaude eta, horregatik, herri, lurralde eta naziogintzan sinesten dugunok esaten dugu eman bidea Gipuzkoari eta Euskadiri”, itxi du Egibarrek.

     “Proiektu sendo batekin, erabakitasunez”

    Bere aldetik, diputatu nagusiak esandakoarekin bat etorri da Ainhoa Galdos udal hautagaia eta kontuan jarri du EAJk hamarkadetan eginiko lana, hala Euskadin nola Oñatin, “gaur egun bizi dugun ongizatea eta zerbitzu maila eraikitzeko”. “Hautagai gisa, sentitzen dut aukera ematen zaidala proiektu handi baten parte izan eta nire ekarpena egiteko”, esan du Galdosek, “eredu argi batean oinarritutako proiektua”: “ekonomia sendo baten aldeko apustua, gizarte zerbitzuak eta ongizatea bermatuko dituena, alegia, EAJren eredua”. “Horretarako, garrantzitsuena pertsonak erdigunean jartzea  da eta norabide argi bat edukitzea”, osatu du. “Guk argi dugu ze proiektu dugun: bizi kalitatea, inguru garbi eta atsegin batean, adin guztietarako Oñati, irisgarria eta guztiok kontuan hartuko gaituena”.

    Hala, “Oñatiko EAJk herri-proiektu berriari bultzada eman ahal izateko duen sendotasuna” nabarmendu du. “Oñati berriz ere martxan jarriko duen proiektua”, EAJk “beti erakutsi duen lanerako gogoekin eta eraginkortasunarekin”, hain zuzen. Horrenbestez, aldaketaren aldeko hautua egitera deitu ditu oñatiarrak, Oñatik ezin duelako “lozorroan geratu”. Haren ustez, “ordua da, EAJk berriz lekukoa hartu eta alkatetzan berriz, Oñatirentzako proiektu sendo baten gidaritza hartzeko”.