• 10 API 19

    Adinberri, orainari eta etorkizunari erantzuna

    EAJ-PNVk antolatutako mahai-inguruan, proiektuak ekarriko dituen onurez eta sortuko dituen aukerez hitz egin zuten eta Nahikari Otermin alkategaiak nabarmendu zuen Adinberri Pasaian kokatu izana elkarlanari eta Pasaiaren biziberritzearen aldeko EAJren apustu sendoari esker dela

    Atzo Trintxerpeko alkateordetzan Adinberriri buruzko mahai-ingurua eskaini zuen EAJk proiektua sakontasunean eta ikuspegi ezberdinetatik – ongizatea, enplegua eta berrikuntza- ezagutzera emateko helburuarekin. Parte hartu zuten: Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Diputatuak, Gari Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko zuzendariak Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiak eta Nahikari Otermin EAJ-PNVko alkategaiak.

    Nahikari Oterrminek azpimarratu zuen elkarlanari esker eta bereziki, Pasaiaren biziberritzearen alde EAJ-PNVk egindako apustu irmoari esker kokatu dela Adinberri Pasaian. “Adinberri adineko pertsonentzako zentro bat baino zerbait gehiago da, estrategia bat da, zahartzaro osasuntsurako eta pertsonengan oinarritutako arreta eredu berritzaile bat da enplegu alorrean ere aukera berriak eskainiko dituena”. “Horregatik gaur, hemen aurkeztu nahi izan dugu proiektua, Adinberrik aldaketa eragingo duelako Pasaian, onura handiak ekarriko dizkigulako pasaitar guztioi, baita aukera berriak ere gazte, heldu zein adineko pertsonei, beraz, Adinberriz hitz egitean, orainaz eta etorkizunaz ari gara”. 

    Maite Peña Diputatuak, azaldu zuen Adinberri zahartzaroari aurre egiteko estrategia integrala dela. “Geroz eta zaharragoa den gizarte baten aurrean gaude, egun Aldundiak 25.000 pertsona artatzen ditu, legealdi hasieran, hau da, duela 4 urte baino 5.000 gehiago eta 2031. urtean zaintza beharko duten 10.000 pertsona gehiago izango ditugu; horregatik, ezinbestean erronka honi heldu behar diogu”. “Izan ere, egun ditugun baliabideekin ezin izango ditugu egungo zerbitzuak mantendu 2031n, horregatik orain eutsi behar diogu gaiari, jakin badakigulako etorkizunean ez garela gai izango beharrei erantzuteko eta hau oso larria da” baieztatu zuen. “Horregatik sortu genuen Adinberri estrategia, zeinak helburu duen prebentzioan eragitea mendekotasunik gabeko edo urriko urteak luzatzeko” adierazi zuen. 

    “Ez da kasualitatea egoitza Pasaian kokatu izana – jarraitu zuen- eskualde honek adineko pertsonen biztanle kopuru oso altua baitu”. “Zaharren egoitzarekin, eguneko zentroarekin eta apartamentu babestuekin argi dago eskainitako zerbitzua hobetuko dugula, baina eskaintza hobetzetik haratago, garrantzitsuena da prebentzioa, zahartzaro osasuntsua eta etxez-etxeko arreta zerbitzua indartuko ditugula artatzen ditugun adineko pertsonen %80ak beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi duelako; eta adineko pertsonei zaintza beren etxeetan eskaini behar badiegu produktu eta zaintza eredu berritzaileak sortu behar ditugu eta beste sektoreetako eragileekin harremanak estutu”. “Eta gai guzti horiek jorratuko ditugu Oarsoaldean, Pasaian, Adinberriren eskutik, eta hemen aztertu eta frogatutako guztia lurralde osoan txertatu ahal izango dugu”. 

    Garikoitz Agotek Peñaren azalpenak osatu zituen berrikuntza eta ekonomia ikuspegitik. “Adinberri estrategiari dagokionean, zenbait puntu azpimarratuko nituzke: batetik, zentroak hobekuntza eta onura nabarmenak ekarriko dituela hirigintza ikuspegitik, adineko pertsonen arreta eta prebentzio aldetik eta baita enpleguari dagokionez ere: ez bakarrik adineko pertsonak zaintzeko eta zerbitzuak emateko kontratatuko diren profesionalengatik, haratago joan nahi dugu, Pasaiako zentroa , zentro berritzailea izatea nahi dugu ikerkuntzari lotuta bertan adineko pertsonen ongizatea hobetuko duten produktu eta zerbitzu berriak sortu eta garatu daitezen”. “Zuzeneko 125 lanpostu sortuko direla aurreikusten dugu, eta zuzenean eta zeharka, guztira, denboran 400”. “Beraz, Adinberri estrategiak helburu du adineko pertsonek etorkizunean izango dituzten beharrei aurre hartzea”.

    “Halaber, Adinberri Fundazioa ere sortu dugu eta honen helburu nagusia da zahartzaroari lotuta, berrikuntza sustatzea”. “Fundazioa ere Pasaian kokatutako da berrikuntza politikak sustatuko ditu, ez fundaziotik bakarrik, baizik eta teknologia zentroekin, berrikuntza zentroekin, startup ekosistemarekin eta ahal den neurrian hezkuntza zentroekin elkarlanean eta etengabeko harremanetan Gipuzkoako espezializazio maila hobetzeko eta adineko pertsonen zaintzan aritzen diren langileak profesionalizatzeko, adibidez, adineko pertsonen zaintza hobetzeko ikasketa espezializatuak sortuz” adierazi zuen Agotek.

    Azkenik, Adinberriko zuzendari nagusiak estrategiaren osagai nagusiak azaldu zituen: “noski, adinekoen egoitza dugu 120 plaza izango dituena, 25 apartamentu babestu eguneko zentroa, berrikuntza unitatea, plaza zabala eta parkea eta 420-480 aparkalekuentzako lur-azpiko parking-a; baina fundazioaren helburu nagusia da alor teknologiko eta ekonomikoaren eta sozio-sanitarioaren arteko lotura eta nahastea sustatzea proiektu berriak sor daitezen eta horretarako, agenda estrategikoa garatu dugu gure ibilbide orria izango dena eta nabarmendu nahiko nuke, lan hori guztia ekosistema osatzen duten eragileekin elkarlanean egingo dugula, horixe delako estrategiaren oinarria, lurralde osorako baliagarria izango dena” esanez amaitu zuen.