• 19 OTS 19

    2021erako prest egongo den zentro berriak Buruntzaldeako egoitza plazen eskaria murriztuko du

    Maite Peña foru diputatuak zahartzearen erronkari aurre egiteko Gipuzkoan jarraituko den “ibilbide orria” aurkeztu du Andoainen

    Andoaingo EAJ-PNV-ren eskutik, mendekotasunaren eta inklusioaren inguruko hitzaldi irekia eskaini du gaur Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak. Bastero kulturgunean egin du hitzaldia, Mari Jose Izagirre Andoaingo alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiarekin batera. Gizarte politikaren arloan Gipuzkoak bizi duen egungo zein etorkizuneko egoeraz aritu da hizketan foru diputatua. Mendekotasuna eta gizarte-inklusioa ardatz hartuta, Peñak Andoaingo egoeraren argazki zabala eskaini die andoaindarrei. Hala, egoera “ona” dela azaldu Peñak eta azpimarratu du orain dela garaia etorkizuneko ongizatearen oinarriak finkatzeko. Harekin bat, Izagirre hautagaiak erantsi du, EAJ-PNVk “konpromiso argia” duela zentzu honetan, “guztion artean eraikitako erduari eutsi eta zabaltzeko, denon ongizatea bilatuz eta zailtasun gehien dituzten horiek aukerak eskaintzeko konpromisoa”, hain zuzen.

    Aurkezpenean, EAJ-PNVren hautagaiak nabarmendu du andoaindarren bizi-kalitatea dela lehentasunetako bat eta, horretarako, “oinarriak bermatzeko gauza dela erakutsi duen alderdi bakarra, bai ekonomikoki zein sozialki, EAJ-PNV da”, haren iritziz.

    Maite Peña foru diputatuak lurralde eta udalerri mailako datuekin, egungo egoeraren berri zehatza eman du. Egoera “ona” omen da Andoainen, zerbitzu sozialen estaldurari dagokionez; zehazki, nagusiei, inklusioari eta buru-osasunari bideratutako zerbitzu eta prestazioetan. Esate baterako, San Juan Bautista egoitzan adinekoentzako 95 plaza daude, Gizalden 4 plaza buru-osasunekoak eta Sorabillan 12 plaza daude inklusio soziolaboraleko kasuetarako.

    Gipuzkoako ibilbide-orria abian da

    Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du gaur egun Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 lagun baino gehiago daudela (Eustat), “2000. urtean zeudenen bikoitza. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago”. Eta gaineratu du, horietatik 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango liratekeela, “gaur egun baino % 49 gehiago”, bizi itxaropena luzatu egin delako. Peñak esan du Gipuzkoako 88 udalerrietatik, 38tan biztanleriaren % 20 baino gehiago dela 65 urtetik gorakoa. “Zerrenda horietan badira udalerri txikiak, baina baita populazio handiena dutenak ere, Donostia esaterako”

    Datu horiek kontuan hartuta, ibilbide-orria prest dago zahartzearen erronkari aurre egiteko, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan. “Horrek eskatzen du prebentzio ikuspegia duten neurriak bultzatzea, zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balio izateko autonomia pertsonala sustatzeko”.

    “Era berean, adinekoen % 80ak baino gehiagok etxean zaindua izatea nahi du, eta hori lehentasunezko helburu bilakatu da” adierazi du Peñak, eta gaineratu du hori lortzeko beharrezkoak diren zerbitzuak bultzatzen eta indartzen ari direla adinekoei kalitatezko arreta eskaintzeko etxean, eta ahalik eta denbora gehien jarraitu ahal izateko bertan. Neurri horien artean aipatu du “Etxean bizi” programa pilotua, esperimentu modura Elgoibarren, Pasaian eta Errenterian abiarazi dena.

    Alabaina, mendekotasuna duten adinekoak etxean jarraitzea ahalbidetzen duen arreta soziosanitarioko eredu horrekin batera, eta osasun arazoen ondorioz etxean jarraitu ezin dutenerako, Peñak azpimarratu du beharrezkoa dela adinekoentzako egoitza plazen kopurua handitzea. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaierarako 369 plaza berri sortuko ditugu; adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, modu progresiboan”.

    Horren harira, gogorarazi du  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak hitzarmen bat sinatu berri dutela, Buruntzaldean zentro berritzaile bat eraikitzeko. Zainketadun bizitokia izango da, 127 lagunentzako 110 bizileku eskainiko dituena.Zentro aitzindaria izango da estatu mailan, Aldundiak sustatzen duten «bizitoki» eredutik abiatuta diseinatu baita, hau da, «etxean ez bada, etxean bezala bizitzeko» helburuz. Peñak esan duenez, aurreikusten da Usurbilen (Kalexar) eraikiko den zentro berria 2021 urtearen amaieran irekitzea, eta, horri esker, «Buruntzaldeako egoitza plazen eskaria murriztuko da»; izan ere, Buruntzaldea da Gipuzkoan ase gabeko «eskaririk handiena» duen eskualdea.

    Inklusioa

    Gipuzkoa Estatu eta Europako lurralde «kohesionatuenetakoa» bada ere,«oraindik hobetu egin behar dugula, zeren 35.000 pertsona ditugu pobrezia arriskuan edo egoeran; eta baita ere, biztanleen zati batek lana badu ere, pobrezia erlatiboan bizi da. Azalpen horiek emanez hasi du Maite Peñak hitzaldia inklusio gaiei eskainitako zatia. Beraz, horregatik guztiagatik jarri dugu martxan Elkar-EKIN plana». “Duela gutxi enplegagarritasun plan bat aurkeztu dugu, 50 eragile baino gehiagoren atxikimendua izan duena, publiko nahiz pribatuak. Eta esan bezala, plan honen helburua da enplegagarritasun aukerak sortzea, ez bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baita langabezian edo lan egoera prekarioan dauden pertsonentzat ere”.

    Peñak azpimarratu du Elkar-EKIN-en bitartez “ibilbide pertsonalizatua eskaintzen dugula bazterkeria arriskutik ateratzeko; gero formazio bat, eta, azkenik, lan-munduratze bat, enplegu duin bat lortzeko».  Plan honetan, Eusko Jaurlaritza-Lanbide, gizarte, ekonomia, kultura eta berrikuntza sozialaren arloko eragile publiko eta pribatuak inplikatzen ditugu, eta baita gizarte zibila bera ere, helburu argi batekin: Gipuzkoa, Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat izateaz gain, mundu mailan gizarte, hizkuntza eta genero arloko desberdintasun gutxiena duen lurraldeetako bat ere izatea”.