• 15 URT 19

    2019, politika berrien eta Irun berriaren urtea

    2018a aldaketen urtea izan da. Irungo Udalak ezegonkortasun egoera bizi izan du azken hilabeteotan, Gobernu sozialistak ez du eta udalerriko gainerako talde politikoekin kolaboraziorik izateko gaitasunik. "Irunen garapenerako guztiz kaltegarria den egoera" azpimarratu du Iridoyk.

    Era berean, 2018. urtean izandako hainbat gertakari aipatu nahi izan ditu bozeramaile jeltzaleak, eta Irunek aurrera egin ahal izateko esanguratsuak eta gakoak izan dira, "Esan dezakegu Irunen aurki, azken urteetan irundarrek pairatu duten arazo handienetako bat konpontzen lagunduko duten AP-8ko erdi lotune bat izango dugula, eta Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasea ere laster izango dela martxan. Hiriko sarbideak eta irteerak arazo handiak dira gure hirian, eta ez gobernu sozialistak eta ezta Santano jaunak ere ez dute egoera hori modu egokian kudeatzen jakin. Santanoren lankidetzarako ezintasunak, arazoak eragin dizkio Iruni, besteak beste, erdi lotunea martxan jartzeko eta Hegoaldeko Ingurabiderako lehen fasea finantzatzeko 6 milioiak onartzeko zailtasunak. Are gehiago, EAJ-PNVtik behin eta berriro ere, Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren fasearen idazketari hasiera emateko eskatu diogu Gobernu Sozialistari, hala lehen faseari jarraipena emango dio honek. Ondorioz, duen garrantzia ikusita 2019ko aurrekontuetan proiektu honi beharrezkoa duen diru kopuru bat igortzea proposatuko du" berretsi du Iridoyk.

    2018ko beste proiektu nagusietako bat Korrokoitz izan da, hiriko Alde Zaharreko eremu baten birsorkuntza barne hartzen duen proiektua. Udal gobernuak 20 urte baino gehiagoz erabat baztertua izan duen ingurunea, eta EAJ-PNVk, 2016an eta 2017an gobernuan egon zenean, egindako lanari esker, urrats sendoak eman zituena. Are gehiago, udal teknikarien eta Jabetzak kontratatutako arkitektoen abala ere lortu zuen, "eta egoera baikor honen ondorioz, Santano jaunak gobernua hautsi, ni kargutik kendu eta azkenik, Ikerketa Batzorde bat ospatu eta gero, Irungo Udaletxeko Udalbatzak alkate gisa gaitzetsi egin zuen".

    Bestalde, 2018an zehar EAJ-PNVtik behin eta berriz planteatu diogu gobernu sozialistari Olaberriako Bailararen Babes Plan Bereziari berriro ekiteko, baina oraindik ez du haririk mugitu. "Hirian dugun altxor berdea babestu beharra dugu, eta gobernu sozialistak ez du ezer egin nahi honen alde, guztiz ulertezina eta arduragabea da" adierazi du Iridoyk.

    2018 honetan, Irun eta bertako pertsonak Irungo politikaren eraldaketaren konplize izan dira. "Gizarteak bezala, politikak ere bilakaera izan du urtez urte, eta politika egiteko modu berri horiek Irunen ere jaio dira. Herritarrek aldaketak eskatzen dituzte, baita erabakiak hartzeko ere, guzti hau alderdi politiko ezberdinen iritzi desberdinak kontuan hartuta, hauek Irunen ongizatea badute helburu noski" azaldu du Iridoyk. "Gobernu sozialistak gauzatzen duen blokeo egoeraren aurrean, alternatiba erreala garela ikustarazteko gai izan gara, eta SPIrekin eta EH Bildurekin batera  akordioak ere lortu ditugu, hainbat proiektu berriro ere martxan jartzea lortuz" esan du bozeramaileak, "esaterako Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko kokaleku berri bat aztertu genuen hiruon artean, egun bideragarria dena gainera. Eta era berean, ezberdinen arteko lankidetzatik, Gobernu sozialistak hilabetetan geldiarazitako 3.000.000 euroko kreditu-aldaketa bat gaitu genuen, hiriak beharrezko dituen proiektuak eta hobekuntzak bideratuz".

    Urte berri honen erronkei dagokienez, Iridoyk 2019ko aurrekontuek bizi duten egoera azaldu nahi izan du, "guk aurrekontu osatu batzuk lortzeko helburuarekin, gure nahia helarazi nahi izan diegu bai Gobernu sozialistari baita oposizioko beste talde batzuei ere. Gaur egungo gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari Irunerako ezinbestekoak diren proiektuak erantsi nahi dizkiogu, gure ustez aurkeztutakoa ez baita nahikoa. Proiektu batek anitza izan behar du, plurala, eta hiri baten kolore guztiak ordezkatu behar ditu, hau da gure iritzia eta gure jarduteko modua. Baina zoritxarrez, gobernu sozialistak urte guzti hauetan ez du inoiz horrelako aurrekontu proiekturik aurkeztu. Hori dela eta, Gobernuaren Aurrekontuen proiektua osatzekotan, proposamen eta zuzenketa mordoa erregistratu ditugu".

    Azkenik, EAJ-PNV, etorkizuneko Irun berritzaileari begira lantzen dabilen Hiriko Proiektuak izan dituen aurrerapenak zehaztu nahi izan ditu, "ezagutzera eman genuen bezala, jada hainbat topaketa egin ditugu hainbat eragilerekin, hiriko elkarteekin eta adituekin, pertsonengan benetan kezkagarriak diren eta egunerokotasunean eragina duten gai horiek jorratzeko. Une honetan, Irun erreferentziazko hiria izan dadin, gure proposamenak lantzen gabiltza. Horrez gain, ekitaldi garrantzitsuak ere landuko ditugu, eta laster jakinaraziko dizkizuegu. Aldaketa denborak gertu daude, bide zaharrak atzean utzi behar ditugu, irundarrek aldaketa eskatzen dute eta dagoeneko ez du iruzurrik nahi, ez du nahi interes politikoak hiriko biztanleen onuraren gainetik jartzea. Eta guk, EAJ-PNVtik, atzerapenik gabe eta etorkizunari begira lanean jarraitzen dugu" esaten amaitu du Iridoyk.