• 12 AZA 16

    EGI Gipuzkoak bakeari eta elkarbizitzari buruzko jardunaldien ondorioak aurkeztu ditu

    Gipuzkoako EAJko gazteek bideo batean bildu dute bakea eta elkarbizitzari buruzko jardunaldietan egindako lana eta gaur aurkeztu dute Antiguako Olarain ikastetxean.

    Bertan azaldu dutenez, “gure herrian burutzen ari den bakerako eta elkarbizitzarako prozesuarekiko gazteen konpromisoa eta partaidetza bultzatzea izan da egitasmo horren helburua”. Xede horrekin, azken hilabete hauetan, bost mahai inguru antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, ikuspuntu ezberdinak landu dituztelarik.

    Donostian, erakundeen ikuspuntutik aztertu zen gaia; Hernanin, berriz, biktimei buruz hitz egin zen; presoen gainean aritu ziren Beasainen; Andoainen, Hezkuntza izan zen ardatza; eta Eibarren, azkenik, hedabideen zereginari buruzkoa izan zen.

     “Mahai inguru bakoitzean, bake eta elkarbizitzarako prozesuarekiko lotura duten hainbat eragilek parte hartu dute, baita euskal  gatazka edo gatazken protagonistak izan diren batzuek ere”, adierazi dute. “Horrela, gazteek esperientzia horiek gertutik ezagutzeko aukera izan dugu;  bakea, justizia, erreparazioa, giza baloreak… bezalako kontzeptuen gainean hausnartu eta ikasteko parada izanik gonbidatu eta gazteok elkarrekin”, gaineratu dute. 

    “EGI Gipuzkoak irmo eusten dio jardunaldien helburuari, Herri honetako bakea eta bizikidetza sustatu eta bermatzea”, nabarmendu dute.

    Gipuzkoako EGIkideek egindako lana biltzen duen bideoa ikusteaz gain, Forum antzerki taldeak eskainitako antzezlan interaktiboan parte hartzeko aukera izan dute bertaratu direnek, hori guztia BAKETIK Fundazioaren laguntzari esker.

EAJ-PNV EGI