• 15 EKA 17

    Zumaiako Santiago hondartzako errepideko segurtasuna hobetuko du Aldundiak

    N-634 kostako errepidean hainbat obra egingo ditu oinezkoen segurtasuna hobetzeko

    Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Alondegian, hain zuzen Aldundiak N-634 errepidean aurrera eramango dituen aktuazioen berri emateko. Lan horien helburua da batez ere oinezkoen segurtasuna hobetzea. Horrela, 27 +400 kilometro puntuan egingo dira lanak, Santiago hondartzaren parean. Izan ere, eta batik bat uda sasoian, oinezkoen joan etorri ugari egoten da zonaldean. Bidearen alde batean hondartza dago eta bestean aparkalekua. “Autoa utzi ondoren oinezko askok errepidea zeharkatzen dute hondartzara joateko, eta horiei guztiei Getaria aldetik datorren Donejakue bidean dabiltzan oinezkoak gehitu behar zaizkie. Autoen kopurua ere nabarmen igotzen da uda sasoian. Hori dela eta, arrisku une asko egoten dira errepide puntu horretan”, nabarmendu du Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretarako diputatuak, Zumaiara egin duen bisitan.

    “Urteak egin ditugu zumaiarrok Santiago hondartzaren eremua egokitzearen zain eta proiektu honekin, hori lortzeko urrats bat gertuago gaude”, adierazi du Oier Korta Zumaiako alkateak. “Gaur egun Santiago hondartzara doan errepideak, oinezkoei begira, segurtasun zein irisgarritasun arazo eta behar handiak ditu. Horregatik, obra honek onura garrantzitsuak eragingo ditu eremuan, haien segurtasuna bermatzeaz gain, errepidearen egungo egoera aldatu eta irisgarritasun hori hobetuko dituelako”, gehitu du Kortak.

    Egingo diren aktuazioen helburu nagusia ibilgailuen abiadura gutxitzea izango da. Horretarako, errepide erdian 3 irlatxo jarriko dira, eta erreien zabalera 3,60 metrotik 2,75 metrora estutuko da.

    Oinezkoentzat babestutako pasabide bat jarriko da errepidea 2 fasetan gurutzatu ahal izateko. Pasabide horrek 4 metro zabal eta 12 metro luze izango ditu. Gainera, aparkalekua eta gurutzatze puntua 1-1,5 metro zabalera daukan espaloi batekin lotuko dira. Gune hori argiztatuta egongo da.

    Irlatxoak atera eta espaloia egin ahal izateko, gaur egun Zumaiako noranzkoan dagoen zerbitzu bideko erdibitzailea kendu egingo du Foru Aldundiak eta galtzadaren eskuinean 30 metro luze dituen gelditzeko 2 eremu eratuko dira.

    Lan horiek guztiak egiteko 8 asteko epea egongo da eta 177 mila euroko aurrekontua dute. “Lanak uda ondoren hasiko dira. Uda sasoian errepide horretan trafikoa asko igotzen da eta orain lanak hastea ez litzateke egokia izango. Hondartza sasoia amaitu eta auto kopurua jaisten hasten denean ekingo diegu lanei”, zehaztu du Oiarbide diputatuak.