• 10 URR 17

    Zerga politika harmonizatua adosteko borondatea berretsi du Foru Aldundiak

    Bihar Gasteizen egingo den Euskal Finantza Kontseiluari begira, hiru lurraldeen arteko akordioa lortzeko “borondate irmoa” berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, “herri gisa dauzkagun erronkei” aurre egiteko datozen urteetako diru sarrerak bermatu ahal izateko, hain zuzen. Hala adierazi du gaur Imanol Lasa foru bozeramaileak. “Oraindik ere beharrezkoa da gure ekonomia sustatzea, ekintzailetza bultzatuz, enplegu berria sustatuz, eta enpresa txiki eta ertainei lagunduz, besteak beste. Gizarte babeserako ditugun politikak indartu eta horien bideragarritasuna bermatu behar dugu ere. Hiru erakundeok inor atzean ez uzteko konpromisoa partekatzen dugu, eta konpromiso horrek zerga sisteman behar du isla”.

    Lasak nabarmendutakoaren arabera, hori guztia ondo bideratzeko, “euskal erakundeok ezinbestekoa dugu fiskalitate egokia lantzea eta adostea. Egoera honetan, Gipuzkako Foru Aldundiarentzat lehentasunezko kontua da biharko bileran adostasuna lortzea politika fiskal harmonizatuaren alde eginez. Irtenbiderik gabeko eztabaidak saihestu eta zuhurtziaz jokatuz lortuko dugu, gure ustean, beharrezkoa dugun akordioa”. Bozeramaileak aurreratu duenez, ostiral honetan, ezohiko Foru Gobernu Kontseilua izango da eta, ondoren,  Markel Olano diputatu nagusiak Batzar Nagusietan emango du Euskal Finantza Kontseiluan landutakoaren berri.

    Conferencia Atlántica Transpirenaica

    Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluak erabaki du onarpena ematea  Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseilua eta Nouvelle-Aquitaineko Eskualde Kontseiluarekin sinatuko den mugaz gaindiko lankidetzarako akordioari, “Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoa”-ren lanei bultzada emateko. 2007an sortu zen Konferentzia, eta aldi honetan esparru desberdinetan lankidetza auzi ugari artatu ditu, hurbilekoen artean mugaz gaindiko lankidetza eta koordinazio politikorako gune gisa finkatuz.

    Orduan izenpetutako hitzarmenaren epea amaituta,  mugaldean bizi diren biztanleek aurrerapenak izan dituzten arren, mugaz gaindiko zenbait erronkek bere horretan jarraitzen dutela, eta erakundeen arteko lankidetzari jarraipena eman behar zaiola iritzio diote sinatzaileek. Halaber, kontuan izan behar dira Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoaren eraketan eragin duten jazoera garrantzitsuak, kide berriak ekarri dituztenak: Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa eta Nafarroako Gobernua. Iparraldeko Elkargoa aurten sartu da indarrean, eta Frantzian izaera politikoa duen lehen euskal erakundea da. Nafarroako Gobernua, berriz, eskubide osoko kidea izango da aurrerantzean –orain arte entzule gisa parte hartzen zuen-.

    Hitzarmen berriak hamar urteko iraupena edukiko du. Lankidetza horren bitartez, muga eremuko jardunbideen baldintzak hobetzeko eta, azken batean, mugaren bi aldeetako herritarren kezkei erantzun hobea emateko jardungo dute erakunde sinatzaileek. Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoak mugaz gaindiko arazoen elkarrizketa, truke eta azterketa topagune izan nahi du, eta identifikatzen diren mugaz gaindiko administrazio izaerako oztopoak ezaba daitezen jarduten jarraituko du. Era berean, estatu desberdinetako eta Europar Batasuneko agintariak sentsibilizatzeko lana egingo du, mugaz gaindiko esparruen berezitasunaren, eta berezitasun horrek dakartzan erronken inguruan, oztopo juridiko eta administratiboak gainditzeko.

    Lasak begi onez hartu du Nafarroak eta Iparraldek gunearekin bat egitea. “Mugaz gaindiko lankidetzak garapen nabarmena eduki du azken urteetan, baina orain fase berri batean sartzen gara, ilusio handia pizten diguna. Muga inguruan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzen jarraitu ahal izango dugu. Ildo horretan, Konferentzia oso tresna eraginkorra da koordinazorako, lankidetzari lotutako kontu premiazkoenei aurre egiteko. Mugak sortzen dituzten ondorioek pisu handia dute oraindik, eta herritarrek eskatzen digute horiei aurre egiten jarraitzeko”.  

    Aitortu du kide batzuen eta besteen eskumenak eta ezaugarriak oso bestelakoak direla, baina aniztasun horren gainean, Iparralderen egitura instituzional berriak, eta tokiko gobernuen borondate politiko “argiak”, “herri mailako akordio berriak” lantzeko atea zabaltzen dutela iritzi dio hainbat esparrutan, hala nola ekonomiaren sustapena, gizarte ongizatea, kultura, euskara, mugikortasuna, ingurugiroa, jasangarritasuna, eta zerbitzu publikoen arteko konexioa eta eragingarritasuna.