• 17 UZT 17

    Wiesbaden-eko ordezkaritza bat Donostian da

    Donostiako alkate Eneko Goiak Wiesbadeneko alkate Sven Gerich-i harrera egin dio. Gerichek eta Wiesbadeneko Udaletxeko ordezkaritza batek hiria bisitatuko dute hurrengo egunetan.

    Wiesbaden-eko ordezkaritza bat, Sven Gerich alkatea buru, Donostian da. Gerich alkatea denetik lehen aldia da modu ofizialean Donostia bisitatzen duela, eta aukera baliatuko du Donostia ezagutzeko eta Udal-talde zein hainbat udal-departamentuko ordezkarirekin egoteko. Hortaz, ordezkaritzaren helburuetako bat da udal-administrazioaren lan egiteko modua ezagutzea. 

    Horrenbestez, Wiesbadeneko alkateak bisita itzuli dio Donostiako alkateari. Gogoratu behar da, iaz Donostiako alkateak Wiesbaden bisitatu zuela eta, bertan, Alemaniako hiriarekin senidetuta dauden hirien topaketan parte hartu zuen. Donostia eta Wiesbaden 1981tik senidetuta daude.

    Senidetzearen bultzatzaile Armin Klein-ek ere parte hartu du harreran. Bertan, bi alkateek euren konpromisoa berretsi dute senidetzeak bere fruituak ematen jarrai dezan. Horren harian, Eneko Goiak bere borondatea adierazi du, bi hirien arteko harremana mantentzeko, hain zuzen ere, bi hirietako ehunka gazteren ikasle- eta kultura-trukea egiteko aukera eman duen harremana. Eta horrek, egungo Europan balio handia du.

    Ikasle-trukea

    Gainera, abuztuaren 20tik 28ra 15 eta 17 urte bitarteko 9 gazte donostiarrek Wiesbadenen ikasle- eta kultura-trukean parte hartuko dute, hain zuzen ere, hiri-arteari buruzko trukean. Proiektuak "Street Art Gathering 2017" du izena eta, bertan, Alemania, Italia, Israel eta Donostiako 45 gaztek parte hartuko dute. Horiek guztiek esperientziak trukatuko dituzte. Eta, horretarako, espektakuluez, agertokiez, standez eta beraiek sortutako tailerrez baliatuko dira. Horrenbestez, herrialde ezberdinetako kultura ezberdintasunak, estatusak eta jatorria ezagutuko dituzte.