• 14 EKA 17

    Udalak Altzako auzotarrei kutsatutako lurren eta kiroldegiaren eraikitzearen gaineko ekintza plana azaldu die

    Donostiako Udaleko hainbat departamentuko arduradunak, Eneko Goia alkatea buru, bilera informatiboa egin dute Altzako Tomasene Kultur Etxean Altzako auzotarrekin. Bertan, Udalaren ordezkariek auzotarrei azaldu diete aurreikusitako ekintza plana, hain zuzen ere, kutsatutako lurren eta kiroldegiaren eraikitzearen gaineko ekintza plana

    Auzotarrekin bileran parte hartu dute, Donostiako alkate Eneko Goiak, eta Hirigintza, Obra eta Proiektu, Ingurumena eta Parte Hartze departamentuaren arduradun tekniko eta politikoek.

    Udalak aditzera eman du azken hilabeteetan lan handia egin dela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzarekin eta Ingurumenaren Euskal Agentziarekin (IHOBE) batera. Eta helburua honakoa izan da: kutsatutako lurrei behin betiko irtenbidea bilatzea. Hortaz, arduradun teknikoek adierazi dute, aukera onena dela zuzenean behin betiko irtenbidea ematea behin behinekorik egin gabe. Ondorioz, metro bateko lodierako lurra botako da eta, era berean, kutsatutako materiala lurperatuta utzi duen kapa geotextila sartuko da.

    Horretarako, beharrezkoa da lurren katak amaitzea tratatu behar den gunea ondo zehazteko. Behin zehaztuta, behin betiko estaliko da eta, ondorioz, amiantoa lurperatuta geldituko da eta inguruaren segurtasuna guztiz bermatuta egongo da. Tratatzeko era honi esker, fibrozementoa duten kiroldegiaren ondoko bi lur-sailak birsortuko dira.

    Kiroldegi berriaren eraikitzeari buruz, Udalak hainbat leku aztertu ditu behin behineko kiroldegia egiteko eta, beraz, Altzako erabiltzaileek kiroldegi berria egiten den bitartean kirola egiteko gune bat izateko. Hortaz, segidako aukera aztertu da: antzinako Eraikuntzaren Institutua, hain zuzen ere, Altzan bertan dagoen institutua, eta Udalak exekuzio proiektua egiteko eskatu du.

    Gune hori kirol-gune bihurtzeak milioi bat euroko kostua izango du. Hori dela-eta, udal-arduradunek auzotarrei honakoa esan diete: behin kiroldegiaren lur-sailan egin beharreko katak eginda, kiroldegia eraikitzeko epeak ezagutuko dira eta, orduan, Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu bai kiroldegi berriaren eraikitzeari buruz, bai Eraikuntzaren Institutua egokitzeari buruz. Azken hau, kiroldegi berria egin arte iraungo luke.