Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/11/07

Udal gobernuak inbertsio handiko aurrekontua aurkeztu du, ekonomiaren suspertzea sendotzeko eta gizarte-gastua indartzeko

Donostiako Udalak 416.260.408,47 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, 2016ko proiektua baino %10 gehiago
Eneko Goia eta Jaime Dominguez Macaya

Donostiako Udalaren 2017ko aurrekontu kontsolidatua (udal-erakunde eta -sozietateena barne) %10 haziko da 2016koarekin alderatuta eta 416.260.408,47 eurokoa izango da. Eneko Goia alkateak berak azaldu duenez, Donostiako Udalak bigarren urtez esfortzu handia egingo du inbertsioak egiteko. Izan ere, ohiko gastuak %2,41 haziko dira, kapital-gastuak %47,32, eta inbertsioak %68,87. Hau da, inbertsioa batez beste eta balio absolutuetan ohiko gastua baino gehiago haziko da. 

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak aurrekontuaren proiektuaren zirriborroaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, bihar Tokiko Gobernu Batzordeak onartuko duen eta, ondoren, Ogasun Batzordean zehaztasunez aurkeztuko den aurrekontu proiektuaren zirriborroa.

Udalak aurreikusi dituen zerga eta tasen handitzea eta Udala Finantzatzeko Foru Funtsaren bidez ezartzen diren zergen handitzea %1,7 izango da 2016arekin alderatuz eta ingreso korriente kontsolidatua %2,57a igoko da. Udalak izango dituen kapitalaren diru-sarrerak %51,59 handiagoak izango dira. Ondorioz, aurrekontu kontsolidatua %10 haziko da eta 416 milioi eurokoa izango da.

Gizarte-gastua, etxebizitza eta administrazioaren berritzea

Goiak azpimarratu du, 2017ko aurrekontuak gizarte-gastua indartzen duela, eta beraz, Ongizate departamentuko aurrekontu-sailak %10,2 hazi dela. Donostiako Udalak 26,7 milioi euro bideratuko ditu Ongizate departamentura eta, horietatik, 1.952.287 euro Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako izango dira, hau da, 2016an baino %10,4 gehiago. Gainera, gizarte-zentroak (400.000 euro) eta zahar-etxeak (775.000 euro) berritzeko edo ikastetxeetan obrak egiteko (580.000 euro) baliabideak egongo dira.

Horrekin batera, hiriko azpiegiturak hobetzeko hainbat jarduera egiteko baliabideak egongo dira, besteak beste, saneamendurako instalazioak berritzeko, kalean asfaltatze lanak egiteko, hiri-mugikortasunean berrikuntzak egiteko, energiaren eraginkortasunerako eta hiritarrek disfrutatzeko guneentzako.

Etxebizitza eta, bereziki, gazteentzako etxebizitza sustatzeko apustuak badu aurrekontu-saila 2017ko aurrekontuaren proiektuan. Hortaz, Donostiako Etxegintzaren aurrekontua 11 milioi eurotan haziko da eta, gehienbat, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko izango da.

Gainera, alkateak honakoa azaldu du: “2017ko aurrekontuaren proiektuak Udal gobernuaren konpromisoa jasotzen du administrazioa modernizatzeko, betiere, hiritarrei zerbitzua hobetzeko. Horren harian, esfortzu handia egingo dugu udal-administrazioari azpiegitura teknologikoak hobetzeko hiritarrei zerbitzu hobeagoa emateko. Horretarako, 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dugu”. 

Era berean, 2017ko aurrekontuak baliabide nahikoak izango ditu Ekialdeko Distritoa martxan jartzeko, hau da, Udal gobernuaren programaren konpromisoetako bat betetzeko.

Eneko Goiak esan du, behin krisialdiaren urte zailenak igarota, Udalak aurrekontuak baliatu nahi dituela inbertsioa sustatzeko eta, ondorioz, hiriaren zein lurraldearen ekonomia-jarduera ere sustatuko ditu. Eta, hori guztia, gizarte-estaldura bermatzeko politikak eta gehien behar duten kolektiboei arretarako politikak mantenduz. 

Kulturaren aldeko apustua

Aurrekontuen proiektuak Europako Kultura Hiriburutzaren legatua ere aurreikusten du. Eta, horretarako, Donostia 2016 Fundazioaren, Donostia Kulturaren eta Tabakaleraren hainbat kultura-programatan inbertsioak egingo ditu. Gutxi gorabehera 2 milioi euroko inbertsioa egingo ditu Hiriburutzarekin hasitako programekin aurrera jarraitzeko eta, era berean, udalaren beste hainbat kultura programak indartuko ditu. Horren harian, Eneko Goiak segidakoa azpimarratu du: “Udal gobernuak kulturaren aldeko apustua mantenduko du eta ez soilik Kultura Hririburutzaren ondorioz. Hortaz, inbertsioak egingo ditugu eta 2008ko krisiaren aurreko kultura-gastuetara gerturatuko gaitu. Eta, helburua da, Donostia kulturaren hiria bezala indartzea”.

Aurrekontuaren proiektuaren aurkezpenarekin Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak aurreikusitako izapidetzearekin betetzen jarraitzen du. Hortaz, hasierako onarpena, iaz bezala, abenduaren bigarren hamabostaldian egin liteke.

Inbertsio nagusienak

Halaber, aurrekontuak inbertsioak egiteko 127 sail ditu. Besteak beste segidako proiektuetarako: Txomineneako hirigintza garapena eta Ezkuzaitzeta industrialdearen egokitzapena; Anoetako Estadioa berritzeko eta Pescaderia eraikina berritzeko - hain zuzen ere, merkatua, osasun-etxea eta kirol-instalazioak hartzeko - lanen hasiera; Aieten eta Larratxon igogailuak egiteko; Astiñene eta Espartxo zubien zaharberritzea; Egian saneamendu sarea berritzea eta Martin Santos Plazako estalpea egitea; Altzako kiroldegia; Loiolako Ibilgune-proiketua; Larratxo pasealekuaren egokitzea; kaleen konponketa eta asfaltatzea; haur-parkeak aldatzea eta estaltzea; eraikinak zaharberritzeko laguntzak; Aieteko trafikoa arintzea; eta Zubietako hockey zelaia egitea. Horiekin guztiekin batera, azpimarratzekoak dira Turismo Bulegoa Udaletxera eramateko eta Ekialdeko Distritoa martxan jartzeko aurrekontu-sailak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube