• 06 API 17

    Tolosaldeko Bizikidetza eta Aniztasun Plana gauzatu du Migrazio sailak

    Bizikidetza eta Aniztasun Planaren helburua Tolosaldeko Migrazio sailaren lan ildoak definitzea, eta Tolosaldeak dituen beharrei aurre egitea da. Arlo honetako azken plana 2007koa zen, Tolosaldeko I. Inmigrazio Plana “Elkar Ezagutzen”, hain zuzen.

    Tolosaldeako migrazio diagnostikoa gauzatu zen iaz eta bertako datuetatik eratorritako plana aurkeztu dute gaur Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak; Gorka Moreno, Ikuspegi enpresako zuzendariak; eta Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak. Aurkezpenaren aurretik, diagnostikoan parte hartutako eragile eta banako guztiekin lan bilera gauzatu dute.

    Azken 20 urteetan aldaketa demografiko eta sozial garrantzitsuak eman dira migrazio fluxuen ondorioz Euskal Herrian eta eskualdean. 1998an Tolosaldean nazionalitate atzerritarra zuten pertsonen tasa %0,5a (217 pertsona) izatetik, 2015ean %6,2 (2.918) izatera pasa da. Ondorioz, Tolosaldeko gizarte errealitatea askotarikoa da.

    Diagnostikoari erreparatuz, bi atal nagusi nabarmentzen dira:

    1. Azterketa soziodemografikoa: jatorri atzerritarreko pertsonen presentzia, bilakaera eta profila
    2. Gizarteratze maila: langabezia, osasuna eta hezkuntzan duten egoera, edota pobrezia maila esaterako.

    Olatz Peon Ormazabalek argi adierazi du behin egoera ikusita, orain dela urte batzuk lehentasuna etorkinen harrera bazen, gaur egun etorkinen eta autoktonoen arteko “integrazio eta bizikidetzara” bideratu behar ditugula indarrak: “aniztasuna da errealitatea. Ondorioz, mota orotako diskriminazioarik ez egiteak eta hori ekiditeko politikak bultzatzeak garrantzia berezia hartu du. Bizikidetza hobe baterako ardatza da hori” berretsi du.

    Planaren helburuak

    2017-2020 Elkarbizitza Planaren helburu nagusia Tolosaldean immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku-hartzeko lanerako gida bat eskaintzen duen ekintza plan bat eratzea izan da.

    Helburu espezifikoak:

    1. Udaleko pertsonal tekniko zein politikoekin hausnarketa eta sentsibilizazioa lantzea herritar guztiei tratu berdintasuna bermatzeko.
    2. Komunikabideei begira estereotipo eta zurrumurruen hedapena ekiditeko sentsibilizazioa.
    3. Hezkuntzan ikasleria atzerritarraren harrera antolatzeko ikastetxeekin eta hezkuntza eragileekin elkarlanean aritzea.
    4. Etorkinen elkarteak sustatu, estereotipo negatiboen aurka borroka egin dezaten. 5. Gizartea. Aniztasunaren aurrean jarrera positiboa agertzen duen Tolosaldeko hiritargoa aktibatzea, elkarbizitza ikusgarri egin eta estereotipo zein zurrumurruak indargabetzeko.