• 28 IRA 17

    Sentimenduak ezin dira inposatu, errespetatu egin behar dira

    Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak uste du Espainiako Gobernuak Kataluniako prozesuaren aurka darabilen indarrak ez diola konponbiderik emango lurraldetasun arazoari, “kidetasun-sentimenduak ezin direlako inposatu, errespetatu egin behar dira”. Hori dela eta, elkarrizketaren eta printzipio demokratikoaren alde egin du, dagozkion lege-aldaketak ahalbidetzeko, herritarrek libre eta demokratikoki adierazitako borondatea errespetatu dadin.

    Joseba Egibarrek, EAJ-PNVren legebiltzar-taldearen bozeramaileak, babesa eta errespetua adierazi ditu Parlament-ak igandean egin nahi duen erreferendumaren aurrean. Izan ere, “herritarrek libreki adierazitako borondatea da edozein nazio eraikitzeko tresnarik eraginkorrena, Katalunia edo Euskadi bezalako edozein subjektu politiko-juridikorentzat”. Osteguneko Bilkura arruntean, Egibarrek esan du pertenentzia-sentimenduak ezin direla inposatu, ezta errotik atera ere; eta errespetatu egin behar direla. “Tratu txarretara edo umiliazio kolektibora daramaten bideen aurrean –halakoxeak dira Estatuak darabiltzanak-, erantzunik onena da duintasun pertsonala, kolektiboa, politikoa eta demokratikoa erakustea. Hori da ardatza”, ebatzi du.

    Hori dela eta, erreferendumaren aurka dauden alderdiei galdegin die Egibarrek, ea zein den arazoa herritarrek beren borondatea adieraz dezaten. Puntu horretan Alderdi Sozialistari zuzendu zatzaio, eta gogoratu dio elkarrizketaren aldarria ez dela nahikoa. Izan ere, baldintza politikoen berdintasunik ez baldin badago –identitate nazionalei dagozkien eskubideak gogora ekarriz-, elkarrizketaren aldeko etengabeko aldarriak muga bat baitauka. “Abiapuntutzat jarriz gero espainiar subiranotasuna gailentzen dela –zatiezina eta hautsiezina-, eta horrek elkarrizketa eskaintzen baldin badio komunitate politiko bati –Kataluniari edo Euskadiri, kasu, zeinak subjektu politiko-juridiko sentitzen baitiren eta herri gisa erabakitzeko eskubidea baituten-, zein elkarrizketarako bide erabil dezakegu, benetan emaitza emateko gai izango dena, baldin eta aurretiaz inposatzen bada subiranotasun espainiarra hautsiezina dela?”, planteatu du.

    Horrela, elkarrizketa aldarrikatzen denean, mugak zehazki non dauden adieraztea eskatu du Egibarrek. Izan ere, nazio-identitateen baldintza politikoak berdintasun egoeran ez baldin badaude, ez dago konponbiderik. Legearen barruko elkarrizketa aldarrikatzeak izatez dakar espainiar herriaren subiranotasuna jartzea katalan edo euskal herriaren subiranotasunaren gainean. Baldintza horietan, “printzipio demokratikoa uztartzea ezinezkoa da”. “Printzipio demokratikoak posizio politiko zehatz batzuei zilegitasuna ematen die. Posizio horiek, demokratikoki adierazita, proiekzio- eta zehazpen-bide batzuk bilatzen dituzte. Printzipio demokratiko hori uztartuta, gutxienez, badago modua elkarrizketarako bide bat aurkitzeko, eta bide horrek akordioak ahalbidetu ditzake. Baina printzipio demokratikoa onartzen ez baldin bada, eta besterik gabe –Kataluniarekin egin nahi duten bezala-, manu militari delakoa inposatzen badute, ez diote arazoari konponbiderik ekarriko”, esan du.

    Hori dela eta, Egibarrek Mariano Rajoy-ren Gobernuari eskatu dio bertan behera utz dezala inposizio-estrategia. “Indarrak ez du ezer konponduko; eta elkarrizketaren aldeko aldarriak ez du balio handirik, ez baldin bada ahalbidetzen printzipio demokratikoaren edo zilegitasun demokratikoaren aukera, alegia, dagozkion aldaketa legalak ekar ditzakeen aukera. Arazoak konpontzeko balio behar du, eta esparru legala edo juridikoa libre eta demokratikoki adierazitako borondatearen arabera egokitu beharra dago; kasu honetan, datorren igandean katalan herritarrek adierazitakoaren arabera”. 

    “Irribarrea ahoan eta boto-papera eskuan, hori da hori arriskua!”, amaitu du.