• 10 URR 17

    Puigdemont-ek elkarrizketarako atea zabaldu du, Espainiako Gobernuak Govern-ekin hitz egiteko bidea ireki behar du

    Puigdemont presidenteak eta Kataluniako Govern-ek elkarrizketarako atea ireki dute gaur. Atea zabal-zabalik utzi dute, argi eta garbi. Hainbat aste eman dituzte, epea zabalik utzi dute tentsioak arintzeko eta elkarrizketa bidera itzultzeko.

    EAJ-PNVren aldetik betidanik defendatu dugu elkarrizketa, negoziaketa eta akordioa direla benetan balio duten bideak, Kataluniak gaur egun bizi duena moduko gatazka politikoak konpontzeko, azken finean, hiritargoari bere etorkizuna botoen bidez erabakitzeko eskubidea eskaintzeko aukera ematea xede. Estatuko eta Kataluniako erakunde guztiei dei egiten diegu irtenbide bidezko eta demokratikoa negozia dezaten. Govern-ek erabakimen osoz elkarrizketaren aldeko aldarria egin du gaur. Horren aurrean espero dugu Espainiako Gobernuak ere Govern-ekin elkarrizketa bide bat zabal dezala. Urriaren 10 honek elkarrizketa bide nahikoa zabaltzea nahi dugu, eta Espainiako Gobernuak, behingoz, arazo politiko bati erantzun politiko bat emateko urratsa eman dezala. Hemen ez dago lekurik indarkeria baliatzen duten neurrientzat edo arazoa are gehiago gaiztotzea ekarriko duten neurri hertsatzaileentzat. Politika egiteko garaia da, maiuskulaz idatzitako Politika egiteko sasoia, elkarri ezberdintasunak eta zailtasunak aitortuaz, elkarrekin hitz egiten hasteko eta legalitatea eta zilegitasun demokratikoa uztartuko dituen konponbideak bilatzeko.