• 14 API 17

    Pasaia biziberritzeko konpromisoa berresten dugu

    Horren lekuko dira sinatu berri den Foru Aldundiaren eta Pasaiaren arteko hitzarmena, zeinak 701.930€ko inbertsioa dakarten ekintza zehatzak jasotzen dituen, eta Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Integralaren baitan Aldundiak 2017an inbertsioetarako aurreikusi dituen 5 milioiak

    Markel Olano Ahaldun nagusiak, beste behin, Pasaiarekiko konpromisoa sendoa azaldu dute. Izan ere, 2009an Markel Olano Ahaldun Nagusi zela sinatutako hitzarmena2016an amaitu zen eta elkarlanean jarraitzeko asmoz, berriki, hitzarmen berria sinatu du Foru Aldundiak Pasaiako Udalarekin. Hitzarmen berriak ekintza zehatzetara bideratuko den 701.930€-ko inbertsioa jasotzen du. 

    Joan den asteartean, apirilaren 11ean, Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartu ostean sinatu zuen Aldundiak dokumentua Pasaiako Udalarekin. Hitzarmena Aldundiaren biziberritzeko estrategiaren baitan dago kokatua, Aldundiak legealdi hasieratik lehentasunezko gaitzat jo duelako Pasaiaren biziberritzea. Aurrera eramango diren ekintza zehatzen artean ditugu: hiltegikoeraikina birgaituko da nabigazio eskola bertan ezartzeko; Santiago Plazako pantalana ordezkatuko da; Alaburtza kala berreskuratuko da bere izaera naturala mantenduz; Esnabideko ur-biltegia hobetuko da; Molinao inguruko urbanizazio proiektuekin jarraituko da eta altzairuak erosiko dira Donibaneko liburutegi berrirako.

    Hitzarmen berriaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero Pasaiako Badia Biziberritzeko proiektura 5 milioi bideratzeko konpromisoa hartu du. Eusko Jaurlaritzaren babesari esker ere, dagoeneko hasiak dira proiektu honen baitan aurreikusitako lehen lanak; horiekTrintxerpeko barrutia eta Euskotren geltokia lotuko dituzte oinezko eta txirrinduentzako pasabidearekin. Proiektu honi esker atseginagoa eta erosoagoa izango den eremu publiko berriaz gozatu ahal izango dute pasaitarrek; ibilbideak beharrezko loturak egiteaz gain,  berdegune berriak eskainiko ditu, hortaz pasealeku seguruagoa eta atseginagoa izango da herritarrentzat. “Gaur egun eremu industrial degradatua da, beraz, lanek hobekuntza nabariak ekarriko dituzte eta erabat aldatuko dute eremu honen itxura” adierazi du Nahikari Oterminek, EAJ-PNVren udal taldeko bozeramaileak.

    Bestalde, Plan Bereziaren behin betiko onarpena ekainerako dago aurreikusia, eta honek aukera emango du beste eremuetan esku-hartzen hasteko, hala nola, Trintxerpeko kaian, Hospitalillon eta Herreran. Biziberritze proiektuaren baitan 11h-tan esku-hartuko da eta kaian pasealekua egitea, Hospitalillon anfiteatroa eta aparkalekua eraikitzea eta Herrera enpresa-gune bihurtzea dago aurreikusia, besteak beste. Honen harira, Udaleko hirigintza zinegotzia den eta udalean Badia Biziberritzeko Proiektuaren arduraduna den Nahikari Oterminek aurreratu du Gipuzkoan eraikiko den hurrengo zaharren egoitza Pasaian eraikitzeko konpromisoa duela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta proposamen hori Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere onartu dutela. 

    “Aurrera pauso sendoak ematen ari gara erakunde guztien arteko koordinazio, elkarlan, borondate eta konpromisoari esker. Dagoeneko martxan da Pasaiaren biziberritzea, dagoeneko errealitatea bat da, atzera bueltarik ez duen errealitatea, alegia. Datozen urteetan erabat aldatuko da eremu osoa, azkenik, lanekin amaitzean, Pasaia herri modernoagoa, atseginagoa, erakargarria eta aisialdi eta enplegu aukera berriak eskaintzen dituena izan dadin” amaitu du Nahikari Oterminek.