Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/10/18

Oroimen Historikoaren Bulegoa martxan jarri da Donostian

Donostiako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, Oroimen Historikoaren Bulegoa sortu du. Herritarrek, doan, Donostian 1936tik 1945era errepresaliatutako senitartekoen edo pertsonen datuak eskatu ahal izango dituzte, bai eta horri buruzko informazioa eman ere. Aranzadik digitalizatu egingo ditu herritarrek ekartzen dituzten dokumentuak eta ahozko lekukotasunak. Ikerketa proiektua amaitu ondoren, grabazio eta agiri guztiak Udalaren agiritegian gordeko dira.
Juanra Viles

Zerbitzu berri hau “1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa” proiektuaren barruan kokatzen da. Udalak, maiatzean, diru laguntza eman zion Aranzadi Zientzia Elkarteari, azterlan hau burutu ahal izateko.

Proiektuaren helburu nagusia da Donostian jaio edota bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, bai eta, Donostian jaio edo bizi izandakoak ez izan arren, 1936tik 1945era Donostian giza eskubideen urraketaren bat nozitu zutenak ere.

Gardentasuneko, Giza Baliabideetako eta Berrikuntzako zinegotzi Juan Ramón Vilesek azaldu duenez “nahiz eta Oroimen Historikoaren Bulegoa aste honetan martxan jarri, dagoeneko Zorroaga Gaineko kalean dagoen egoitzak 20 pertsona artatu eta 6 grabaketa egin ditu”.

Oroimen Historikoaren Bulegoa

Oroimen Historikoaren Bulegoa doakoa zerbitzua da, eta bertan, herritarrek Donostian 1936tik 1945era errepresaliatutako senitartekoen edo pertsonen datuak eskatu ahal izango dituzte, bai eta horri buruzko informazioa eman ere.

Aranzadiko taldeak digitalizatu egingo ditu herritarrek ekartzen dituzten dokumentuak. Beraz, informazioa ekartzen dutenek jatorrizko dokumentu guztiak izaten jarraituko dute. Ekarpena ahozko lekukotasun bat bada, ikus-entzunezko grabazio bat egitea proposatuko zaio lekukoari.

Bestalde, interesduna ezin bada Aranzadiren egoitzara etorri, Aranzadiko langileak joango dira pertsona horren bizilekura, hark hala eskatuz gero.

Zerbitzu honen bidez jasotzen diren grabazio eta agiri guztiak Donostiako Udalaren agiritegian gordeko dira ikerketa proiektua amaitu ondoren.

Bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da irekita ikerketak irauten duen bitartean, Aranzadiren Donostiako egoitzan, Zorroaga Gaineko 11. zenbakian.

Jendaurreko ordutegia 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara da. Edonola ere, bulegora joan baino lehen, Aranzadiko taldearekin jarri behar da harremanetan, jbuces@aranzadi.eus helbide elektronikora idatziz edo 943 46 61 42 edo 699 809 130 telefonoetara deituz. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube