• 13 API 18

    N-1eko eta A-15eko ordainsarien gainean EAEANk hartutako erabakiari errekurtsoa aurkeztuko dio Aldundiak

    Aintzane Oiarbidek gogorarazi du AT sistema Europar Batzordearen abal juridikoarekin ezarri dela, eta azpimarratu du kanona kobratzen jarraituko dela "bere horretan"

    Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Gipuzkoan A-15 eta N-1 errepideetan Aldundiak ezarritako kamioientzako peajeari buruz hartutako erabakiarekin "guztiz desados" dagoela jakinarazi du Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak. Honekin batera, iragarri du foru erakundearen zerbitzu juridikoak honezkero lanean hasi direla Auzitegi Gorenaren aurrean kasazio-errekurtsoa aurkezteko.

    Oiarbidek gogorarazi du, aipatutako AT sistema indarrean jarri baino lehen,  "Aldundiak txosten zabal eta zorrotz bat" egin zuela ordainsarien legezkotasuna ziurtatzeko eta, azaldu du, Europar Batzordeari helarazi ondoren, erakunde honek "bere abal juridikoa" eman ziola sistemari, hala inplantazioaren ikuspegitik nola ezarritako kanonei dagokionez.

    Foru diputatuak zera adierazi du: "Sistemak Europako legediak eskatzen duen berme juridikoa dauka eta haren ezarpenak Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politiko guztien erabateko babesa jaso du, oposiziorik gabe". Oiarbidek azaldu du Batzar Nagusietan talde guztiek eman ziotela, aurkako botorik gabe, AT Sistema erregulatzen duen foru arauari babesa.

    Horrenbestez, diputatuak adierazi du urtarrilaren 9tik indarrean dagoen kamioientzako peaje sistemak "bere horretan" martxan jarraituko duela eta, ondorioz, kanonaren kobrantzan ez dela inongo aldaketarik egongo erabaki judizial honen ondorioz.