• 08 OTS 18

    Maria Eugenia Arrizabalagak “arinkeriaz” eta “gezurretan aritzea” leporatu dio ELAri

    Arrizabalagaren ustez ELAk Aldundiaren aurka jarduteko “literatura erraza” egin du gaurko Batzar Nagusietako batzordean, elurteak aitzakiatzat hartuz, beste behin ere, errepideetako artapen zerbitzuaren inguruan alarma piztu nahian.

    Maria Eugenia Arrizabalagak “arinkeriaz jardun dela” esan dio ELAko ordezkariari, besteak beste, Errepideetako Foru Zuzendaritzak ez duela berekin hitz egin nahi salatu duenean. Bi urte eta erdi honetan sarri hitz egin izan dutela eta elkarrekin egon direla gogorarazi dio bozemaile jeltzaleak ELAko Igor San Joseri, eta hurrengo bilera batetarako ere hitzordua hartuta dutela. 

    EAJko Batzarkide taldeko bozemaileak nabarmendu ditu, bata bestearen atzetik, ELAk bere agerraldian gaur erabilitako sasi-argudioak: “ELAk esan du ´Aldundiak ez duela Neguko Bidezaintza Planik´, eta urtero bezala, badu; esan du ‘ez dagoela ez 322, ez 180 eta ez 150 langilerik’ elurretan errepideen artapena egiteko, eta ELAk ondo baino hobeto daki aurten ere, 180 direla Plan horretako langileak, aurreko urteetan bezalaxe; ELAk esan du langile horien lan ordutegiak ‘gehiegizkoak eta ilegalak’ direla, baina 2014an Bilduk pleguak atera zituenean, ELAk ez zuen ezertxo  ere esan baldintza horietaz eta harrez geroztik ez da ezer aldatu; ELAk esan du ‘ilegala dela elurra kentzeko makinak 4,5 ordu baino gehiago lan egitea jarraian”, nahiz eta jakin makina hauei ez zaiela aplikagarria Garraio Legea, larrialdietarako zerbitzutzat hartzen bait dira” azaldu du Arrizabalagak beste datu askoren artean.

    Horiek horrela, Arrizabalagaren galdera da “nola litekeen ELA sindikatuak errepideetako garbitzaileen urtebeteko greba bertan behera utzi izana, soldata igoera soil baten truke ELAk enpresekin akordio bat itxi ostean, baldin eta –bere esanetan- ‘irregulartasunak eta lege hausteak’ hain larriak badira?”. Bozemaile jeltzaleak salatu du “ELA gezurretan ari dela eta oso larria dela horrelako joera, guztion kalterako delako”, “eta ELA sindikatuaren sinesgarritasuna zalantzan uzten duela”.

    Batzar Nagusietako batzordean ELAren jarduera ikusirik, Maria Eugenia Arrizabalaga buruzagi jeltzaleak ondorio hau atera du: “Ez dago itxurakeria gehiegia baino jokaera okerragorik ezta arrazoi ezan oinarritzen den oposizio sindikala baino oposizio-era okerragorik ere, aurkari politikoa suntsitzea beste helbururik gabe”.