• 18 URT 17

    Lezoko Altamira auzoak hondakinak biltzeko sistema berria du

    Edukiontzi bidezko sistema, bere osotasunean, 2017ko bigarren hiruhilekoan ezarriko da eta aldaketari esker, Lezok 268.000 euro aurreztuko ditu urtean. Sistema berriak helburu du herritarrei erraztasunak ematea gaikako bilketa tasak hobetzea lortzeko.

    Lezoko udalerriak hondakin bilketa sistemaz aldatuko du 2017an. Horixe onartu zen abenduko osoko bilkuran, EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. Aste batzuk beranduago, Lezoko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuen SanMarko Mankomunitatearekin; gauzak horrela, Mankomunitatearen esku geratu da Lezoko hondakinak biltzeko ardura. 

    Altamira auzoko edukiontzi bidezko froga atzo jarri zen martxan ofizialki eta honen harira, prentsaurrekoa eman dute gaur San Marko Mankomunitateko lehendakariak, Jaime Dominguez-Macayak eta Lezoko alkateak, Jesus Maria Martiarenak, hondakin bilketa sistemaren aldaketarako zein pauso ematen ari diren azaltzeko. Dagoeneko sistema berria ezartzeko lehen fasea, hau da, Altamirako froga, martxan da. Horiek horrela, auzo honetan hondakinak edukiontzi bidez bilduko dira. Organikoaren edukiontzia zabaltzeko, baina, giltza beharko dute bizilagunek, edonola ere, hondakin guztiak egunero atera ahal izango dituzte.

    Prozesu administratiboaren eta txipdun edukiontzien prestakuntzaren ondotik, udalerri osoan ezarriko da sistema 2017ko bigarren hiruhilekoan.

    Lezoko alkate Jesus Maria Martiarenak nabarmendu du “herriak denbora daramala sistema aldaketa aldarrikatzen. Atez ateko sistema 5. Edukiontzi sistemagatik aldatzeko nahia azaldu du Lezok eta hori argi geratu zen azken udal hauteskundeetan”. “Beraz, jarraitu du, sistema erosoago, garbiago eta ekonomikoki jasangarriago baten alde egiten duen herritarren gehiengoari erantzunaz, udaletik, mankomunitatearen laguntzarekin, hondakin bilketa sistema aldatzeko beharrezkoak diren urratsak ematen ari gara, aldaketa lehenbailehen gauzatu ahal izateko”.  Alkatearen esanetan, aldaketak helburu du egungo sistema hobetzea, herritarrei beren egunerokotasunean erraztasunak emateko eta hondakin bilketa sistema herritarren behar eta ohituretara egokitzeko. “Orain ez bezala, herritarrek nahi duten ordu, momentu eta egunean atera ahal izango dituzte hondakinak. Erosotasun horrek, ziur gaude, gaikako bilketa tasak hobetzen lagunduko duela” adierazi du.

    268.000 euroko aurrezkia urtean

    Sistema berria, gainera, ekonomikoki jasangarriagoa da kostuak zerbait txikiagoak direlako eta  horri esker, Lezok, urtean, 268.000€ aurreztuko ditu eta zerbitzu honek sortzen duen defizita 150.000 euro txikitzea lortuko da.

    Atez ate: 630.000e (kostua) - 375.000€ (diru-sarrerak) = -255.00€

    5. edukiontzia: 361.500 (kostua) - 260.000€ (diru-sarrerak) = -101.500€

    Azkenik, alkateak gaineratu du informazio zein sentsibilizazio kanpaina ezberdinak jarriko direla martxan bilketa tasak hobetzea lortzeko, “dena den, herritarren borondatean sinesten dugu eta ziur gaude, orain arte bezala, gaika ondo sailkatzen eta ondo birziklatzen jarraituko dutela” amaitu du.

    Mankomunitateko lehendakariak, Jaime Dominguez-Macayak, bere aldetik, adierazi du Lezon edukiontzien bidezko zerbitzua ezartzea erronka polita izango dela San Markorentzat; mankomunitatea arduratuko baita, lehen esan bezala, Lezoko hondakinen bilketa osoaz. “Pozez hartu dugu Lezok hartutako erabakia eta bidelagun izango gaitu ekindako bide berri honetan” amaitu du lehendakariak. Astigarragak emandako urratsaren ildotik, San Marko mankomunitatearen aldeko hautua egin du Lezoko udalerriak. Beste zenbait udalek dagoeneko azaldu dute bilketa osotasunean San Markoren eskuetan uzteko gogoa. “Urrats guzti hauek zentzu onean doaz gure ustez, zerbitzuen kudeaketan bat egiteak denon onurak baitakartza”, lehendakariaren hitzetan.