• 17 MAI 17

    Legazpin trenbidearen bereizketa egitea aztertzeko konpromisoa atera dio EAJk Adif erakundeari, geralekua geltoki bihurtuko lukeena

    Koldobike Olabide alkatea eta Maria Eugenia Iparragirre senataria tren garraioaren kudeaketa egiten duen erakundearen presidentearekin batzartu dira gaur goizean

    Legazpin trenbidearen bereizketa egiteko aukera berehala aztertuko duelako konpromisoa helarazi die Adifeko presidenteak Legazpiko alkatea den Koldobike Olabideri eta EAJko senataria den Maria Eugenia Iparragirreri. Gaur goizean erakundeko goi karguekin Madrilen egin duten bileran Juan Bravok azaldutakoaren araberako lanek geralekua geltoki bihurtzea eragingo lukete; honenbestez, trenen sarritasuna areagotuko litzateke eta azpiegituraren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko lirateke.

    Irisgarritasuna hobetze aldera 2015ean nasak zabaltzeko Adifek onartu zen proiektua oraindik gauzatu gabe dagoela ikusita, EAJk aukera osatuagoa planteatu zion erakundeari. Horren aurrean, tren azpiegituretako erakunde administratzaileko presidenteak lantzen ari diren egitasmoa azaldu die ordezkari jeltzaleei: mendi magalaren aldean hirugarren trenbidea eraiki nahi dute, baita lurrazpiko pasabidea eta igogailua ere, orain arte bezala, erabiltzaileek trenbide gainetik oinez zeharkatu beharra saihesteko. 

    Koldobike Olabidek hirugarren trenbide hori hirigunearen aldetik ere aztertzeko aukera ere eskaini die Adifeko kideei, horrela egitasmoa errazago edo merkeago egin daitekeela irizten badiote. Alkatearen aburuz, hobekuntza hau egitea ezinbestekoa da. “Ez dago gure tamainako hirigunerik, guk trenari ematen diogu erabilerarekin gainera, geltokirik ez duenik. Horrela, Donostiarekin lotzen gaituzten trenen sarritasuna handitzeaz gain, batez ere erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko aukera daukagu”.

    Izan ere, proiektu honekin Legazpitik Donostiarako trenen sarritasuna %40 haziko litzateke, gaur egun orduro dagoen sarritasunetik ordu erdikoa izatera pasatuko litzatekeelako, hurbil dagoen Zumarragak duen bezala. Azterketen arabera, Legazpiko geralekuan trena hartzen dutenen kopurua %16 hazi zen 2013tik 2015era bitartean, herritarrek trenaren aldeko apustua egiten dutela argi utziz.

    Adifeko presidenteak aurreratu duenez, Gipuzkoako delegazioko kideei geralekura berehala joan daitezela aginduko die bertatik bertara lanak egiteko aukera azter dezaten; gainera, Renferi ere sarritasuna eta erabiltzaileak areagotzeak inbertsioaren itzuleran izango lukeen eragina aztertzeko eskatuko diola jakinarazi du Juan Bravok.