• 13 API 18

    Lanbide Heziketa Azoka hirugarrenez Tolosan, apirilaren 20 eta 21ean

    Apirilaren 20 eta 21ean, ostirala eta larunbata, Triangulo plaza hartuko du hirugarrenez Lanbide Heziketa Azokak. Ostiralean, ikastetxeekin bisita gidatuak egingo dituzte eta larunbatean berriz, publiko orori zabaldua egongo da, goizeko 10.00ak eta 14.00ak bitartean, eskualdeko ikastetxeen eskaintza ezagutzeko betarekin.

     Azokak inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeak batuko ditu: Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Inmakulada ikastetxea, Peñascal taldea, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskolako ordezkariak. Helburu nagusi batekin, aurkezpenean adierazi dutenez: “Tolosaldean, lanbide heziketa ikastetxeek eskaintzaren informazioa zuzenean eskaini, ezagutarazi eta interesatu orok bertatik bertara eskuratzea”. Guztira, alor ezberdinetako 20 ziklo eskaintzen dituzte eskualdeko ikastetxeek (behean zehaztuak*).

    Aurkezpenean izan dira ikastetxe guztietako ordezkariak, Galtzaundiko kideak eta Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria. Nabarmendu du, guztira, 2.500 Lanbide Heziketako ikasleren bueltan dituela eskualdeak: “1.300 Lanbide zentroetan eta beste hainbeste enpresa edota langabeei zuzenean eskaintzen diren formakuntza ikastaroetan. Euskal ikasleen erdiak, %50k, Lanbide Heziketa hautatzen du, Unibertsitatearen aldean, eta enpresek langile kualifikatuak eskatzen dituzte, prestatuak, geroz eta gehiago. Eskualdeko gizartea, enpresa eta erakundeen beharrei erantzuten ari da beraz Lanbide Heziketa, eta euskaraz gainera”.

    Lanbide Heziketa bukatu dutenen lan-munduratzea, beste ikasketa mota batzuen aldean, oso altua da, eta urtez urte gorantz doa. Egun ikasleen %70a ikasketak amaitzearekin bat lanean hasten da. Kasu batzuetan %100-a ere. Tolosaldean gehien eskatutako lana zerbitzuetan, industrian, makinaria munduan edota administrari lanetakoa da. Alkatearen iritziz, enpleguaren eta ondorioz garapen ekonomikoaren “pieza garrantzitsu” dira ikastetxeok. Datuek adierazten dute enplegua sortzen ari dela: eskualdeko langabezia tasa %9'56an kokatu da 2018ko martxoan. Beheranzko joera mantentzen du. Azken hamarkadako daturik onena da. Kontratazioek gora egin dute urtez urte: 2013an 3.500 gauzatu ziren, eta iaz 5.000tik gora. Olatz Peon Ormazabalek emakumeengan jarri du fokua: “langabetuen erdiak baino gehiago emakumeak dira. Horrexegatik Lanbide Heziketan ere genero estereotipoekin hautsi behar da, eta gertatzen ari da, geroz eta emakume gehiago prestatzen da orain gutxira arte gizonezkoak soilik zeuden lanpostuetarako. Horretan aurrera egin da, baina asko dugu egiteke”.