• 14 AZA 17

    Jarrera “irekiarekin” ekin dio Aldundiak batzarkide taldeen bilera sortari, foru aurrekontuak adosteko

    Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du gaur jarrera “irekiarekin” ekin diola Aldundiak batzarkide taldeekin aurrekontuak adosteko egin ohi den bilera sortari. Foru arduraduna EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Alderdi Popularreko Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariekin elkartu da gaur goizean, eta EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako kideekin batzartuko da datozen egunotan.

    “Proposamenak entzun eta ekarpenak jasotzeko balio digute topaketa hauek, eta zentzu honetan, gure aurrekontu orokorren proiektua hobetzeko abaguneak baliatzea dugu xede”, adierazi du.

    Duela bi aste onartu zuen Aldundiaren Gobernu Kontseiluak aurrekontu orokorren proiektua eta, pasa den astean, diputatu bakoitzak Batzar Nagusietan xehatu zuen bere departamentuari zegokiona. Orain, gaur hasi den bilera sortan, foru erakundeak batzarkide taldeen kontrastea jasoko du eta, gero, hauek azaroak 28 arte dute zuzenketak aurkezteko. Ondoren, Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da aurrekontu proiektua: abenduaren 11an osoko zuzenketak, eta abenduaren 22an behin betiko eztabaida eta bozketa.

    Guztira 856,6 miloi euroko zuzkidura dauka 2018ko aurrekontua orokorren proiektuak, aurtengoak baino 18,6 milioi gehiago. Olanok nabarmendu duenez, hirugarren urtez jarraian haziko da Aldundiaren aurrekontua eta “ekonomiaren indartzeari” egotzi dio gorakada honen ardura. Ekonomia sustapena, gizarte politika, etorkizuneko proiektu estrategikoak eta zerga iruzurraren aurkako borroka ditu ardatz proposamenak, eta inoizko zuzkidurarik handiena bideratzea aurreikusten da gizarte zerbitzuetara.