• 17 MAI 17

    Gure finantza egoera tentsioan jartzen zuen pisuzko ziurgabetasuna garbitu dugu gaur

    Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur sinatu den Kupoari buruzko akordioaren garrantzia nabarmendu du, “bai gure gaurkotasunari zein etorkizunari begira”

    “Egun garrantzitsua da gaurkoa Gipuzkoa eta Euskadirentzat, gaurko eta biharko gure finantza agertokian pisuzko ziurgabetasuna garbitzen zaigu”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, 2007-2016 tarteko Kupoa likidatzeko akordioaren irakurketa baikorra egin du. Hitzarmena gaur arratsaldean itxi da Madrilen, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren baitan. “Gaur onartu dugun zoruaren gainean altxatzen da 2017-2021 bosturteko Legea ere, beraz gaur onartu duguna garrantzitsua da oraina argitzeko, baina baita etorkizuna eraikitzeko ere”, azpimarratu du Olanok.

    Ogasun eta Finantza diputatu den Jabier Larrañagarekin batera izanda diputatu nagusia gaurko bileran. Euskal ordezkaritza Pedro Azpiazu, Ogasuna eta Ekonomiako sailburuak; Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernukoak; eta Araba eta Bizkaiko diputatu nagusiek osatu dute. Gobernu espainiarraren aldetik, Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa izan da delegazioaren buru. Bileraren baitan hamaika akordio onartu dira, nabarmenenak erregularizatzea eta likidatzea 2011-2016 urteetako politika aktiboak eta behin betiko kupoak, eta aldi berean finkatzea 2017rako behin behineko kupoa. Azken hau izango da, hain zuzen, 2017-2021 bosturteko berrirako oinarri-urtea.

    Diputatu nagusiak adierazi duenez, akordioak “berebiziko garrantzia” du Gipuzkoarentzat, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatu espainiarraren arteko erlazioa normalizatzen baita, hamar urteko desadostasunak gaindituz. “Finantza bakeak egonkortasuna ematen digu, gure erakundeen finantza egoerak lasaitzen ditu eta honek eragina du herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan”, azaldu du. Aldi berean, kritiko ageri direnen aurrean Kontzertu Ekonomikoaren defentsa egin du, nabarmenduz “Euskadiri ez zaiola ezer oparitzen” gaurko akordioarekin, baizik eta “zor zaiona erregularizatzen da”.