Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/20

Gipuzkoako hondakinen partzuegoa porrotera eraman izana leporatzen dio EAJk Bilduri

Hondakinen Partzuergoko asanbladan ordezkari jeltzale den Igor Iturainek salatu duenez “Bi ekitalditan Bilduk sortu dituen galerak 56,8 milioi eurokoak izan dira”.
Gipuzkoako hondakinen partzuegoa porrotera eraman izana leporatzen dio EAJk Bilduri

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gaur egindako asanbladan 2013ko kontuak onartu dira, Bilduren aldeko botoekin bakarrik eta hori dela eta, EAJ-PNVko ordezkari Igor Iturainek adierazi du, “zenbakiak ez dute engainatzen. Azken bi urteotan, Bilduk Hondakinen Partzuergoan egin duen kudeaketarekin, 2011n berez zituen 20 milioiak jan ditu eta, gainera, Partzuergoaren kutxan 36,6 milioi euroko zuloa sortu du. Beraz, Bilduk 56,8 milioi euroko galera sortu du 2 urteotan”.

Hori horrela, Igor Iturainek adierazi duenez, “ekonomikoki eta finantzieroki zorrik gabeko elkartea aurkitu zuen Bilduk, indarrean segitzen duen Foru Arau eta guzti, zeinak hondakinen kudeaketa Gipuzkoa osoan egiteko legezko euskarria ematen dion, aurreikusitako azpiegiturak egiteko zehaztutako finantziazioarekin eta baimen urbanistiko eta ingurumeneko guztiekin. Gainera, nabarmentzekoa da, Europako erakundeek behar zen finantziazioa abalatu zuela, finantziazioaren %75eko ekarpena egin zuelarik Europako Inbertsioen Bankuak, eta horrela berresten zela hondakinen kudeaketarako Europako Zuzentaraua betetzea”.

Horrez gain, Iturainek argitu duenez, “gaur onartutako kontuen arabera, aurreko ekitaldian egindako inbertsioen artean azaltzen dira, 258.000 euro Elgoibarren erositako lursail batengatik eta 722.000 euro Bergaran lurren mugimendu bategatik. Eta horretarako, Bilduk 9,7 milioi euro xedatu ditu Diputaziotik, porrotaren hertzean zegoen elkarte bati arnasa emateko erabili dituelarik. Berriro ere, gipuzkoarrentzat oso garesti gertatu behar den arduragabekeriaz”.

Hondakinen Partzuergoko asanbladan EAJ-PNVko ordezkariak salatu duenez, “Bilduri sekula ez dio kezkarik sortu indarrean dagoen Foru Arauen aurreikusitako azpiegiturak paralizatzeak dituen arriskuak eta ondorioak. Bilduk bazekien zein izango ziren kalte-ordainak, legealdi guztian zehar izan duen helburu bakarra burutzeagatik ordaindu beharrekoak: orain arte adostutakoa paralizatu eta hondatu eta, horren ordez, prozesua ixteko inolako sistema integralik planteatu gabe, ingurumen alorrean aurreratuen dauden herrialdeek egiten duten bezala. Bilduren jokabide horrek, milioikako kalte-ordainak ordaintzera behartzen du Gipuzkoako gizartea, ezer ez egiteagatik, Zubietako balorizazio energetikorako planta ez egiteagatik enpresa eraikitzaileei ordaindu beharrekoak, hain zuzen”.

Aldi berean, Igor Iturainek gogarazi duenez, “gaur egungo zabortegiak ia beteta daudenean hartu dira erabaki horiek, horien ordez, gainera, beste zabortegi batzuk irekitzea planteatuz, non egingo dituzten azaldu gabe oraindik ere, kudeaketa ilunaren beste adibide bat gehiago jarriz mahai gainean. Ezin dugu ahaztu, halaber, Bilduk gobernatzen dituen herrietan, herritarren gogoz kontra, Atez ateko bilketa sistemaren inposizioari herritarrek emandako erantzuna”.

Bukatzeko, Iturainek salatu duenez, “alde bakarreko erabakiak hartzen ditu Bilduk eta elkarte hori sortu zenaren kontra kudeatzen ari da: Foru Arauan aurreikusitako tratamendurako azpiegiturak eraikitzeko alegia. Horrek guztiak, argi eta garbi erakusten duena da, Bilduk dena paralizatzeko gaitasunik baduela, baina inorekin adostasunak bilatzeko ezgaitasun handia duela, aldi berean. Eta bide horretatik, Gipuzkoak, lurraldean sortzen diren hondakinak tratatzeko azpiegiturarik gabe jarraitzen du”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube