• 01 ABE 17

    Gipuzkoako enplegu publikoko eskaintza galaraztea leporatu dio Foru Aldundiak ELAri

    Imanol Lasaren esanetan, “bere interes alderdikoiak langileen eta gizarte osoaren interesen gainetik” jartzen ari da sindikatua

    2017ko LPEaren aurka Donostiako Auzi Errekurtsoen Auzitegian ELA sindikatuak jarritako helegitea arbuiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurtengo uztailaren 18an onartu zen lan publikoko eskaintza hori, Diputatuen Kontseiluan. Imanol Lasa foru bozeramaileak jakitera eman duenez, erabaki horrek prozesua behin-behinean geldiaraztea ekartzen du. ELAri egotzi dio Aldundiaren etorkizuneko LPEn plangintza “galaraztea” eta “hankaz gora jarri nahi izatea, bere interes alderdikoiak foru langileen, erakundearen eta Gipuzkoako gizarte osoaren interesen gainetik jarriaz”.

    2017ko Enplegu Publikoko Eskaintzak 41 plaza jasotzen ditu, guztira: administrazio orokorreko teknikarien (AOT) 11 plaza, Ogasuneko goi mailako teknikarien 20 plaza -2016an onartutako 15 plazekin 35 plazako LPEa suposatuko duena-, eta gizarte langileen 10 plaza. Foru administrazioarentzat eta Gipuzkoarentzat lehentasunezkoak eta estrategikoak diren jarduketak indartzea du helburu, hala nola zerga iruzurraren aurkako borroka, gizarte arreta eta aholkularitza juridikoa. “Giza baliabide gehiago edukitzea da xedea, iruzur fiskalari aurre egiteko, lurraldeko pertsona ahulenei arreta hobea emateko, eta elkarteen diru laguntzak eraginkorrago kudeatzeko, besteak beste. ELAk argi azaldu beharko du zergatik egiten duen gizarte osoaren mesederako diren erabakien aurka”, galdegin du.

    Lasak gogorarazi du, gainera, LPE hauen beste helburu bat dela Aldundiaren plantillan behin-behinekotasuna murriztea; izan ere, lehenengo aldiz, legealdi honetan langile horien eskarmentua kontuan hartzen da oinarrietan. LPEak ezinbesteko tresna dira ere erakundean belaunaldi aldaketa errazteko, gizartearen eskakizun berriei erantzuna emango dieten perfilak eta talentua erakarriaz. “Erabaki honekin, Foru Gobernuaren aurkako beste aktuazio politiko bat egiten du ELAk. Tamalez, benetako kaltea Aldundiko aldi baterako langileei eta gainerako gipuzkoarrei egiten die. Ogasuneko teknikarientzako, gizarte langileentzako eta administrazio orokorreko teknikarientzako deialdi hau ikusi ondoren, herritar askok ikusmina zuten foru lan taldean sartzeko. Jakin badakigu haietako asko azterketetarako prestatzen hasiak zirela, eta orain aurreikuspen horiek zapuztuak ikusten dituzte”.

    Bozeramaileak gaineratu duenez, legealdi hasieratik, Aldundiak lanean dihardu foru administrazioaren etorkizuna diseinatzeko eta horren modernizazioa errazteko, Estatuak pertsonal publikoaren arloan inposatzen dituen “murrizketei” aurre eginez, eta “Madrilek uzten dituen zirrikituak gure esku dagoen guztia aprobetxatuz, erreposizio tasaren bitartez. Adibidez, 25 plazako suhiltzaileen LPEa atera genuen. Orain, zailtasun horiei beste oztopo bat gehitzen zaie erakundearen eraldaketarako ezarri dugun bide orrian. Eraldaketa horrek behar-beharrezkoa du enplegu publikoaren alde egitea eta LPEak egiten jarraitzea. ELAk ez du lortuko guk ahalegin horretan amore ematea. Etorkizuneko erronka horri aurre egitea da gure konpromisoa”, iragarri du.

    Lasak gogor kritikatu du sindikatuaren jarrera, eta dei egin dio horren inguruan “hausnarketa egin” eta “arduraz joka dezan”. “Politika zaharra da ELA praktikatzen ari dena. Aurreiritzi eta eskema arkaikoetan oinarritutako politika, Gipuzkoako gizarteak aspaldian atzean utzi zuena. Gure lurraldeko eta Euskadiko eragile politiko, sozial eta ekonomikoek elkarlanaren alde eta etorkizunaren alde egiten duten bitartean, hau da, guztien ongizatearen alde, bere zilborrari begira dago ELA, eta bere ekintza guztia konfrontazio eta liskar estrategiaren menpe jartzen du, EAJ-PNVrekiko duen obsesioak mugituta. Bada garaia dauzkagun arazoak konpontzen laguntzeko, eta arazo berriak sortzeari uzteko”. 

    Bozeramaileare arabera, ELAren erabakia Aldundiko langileen lan baldintzen negozioazioen testuinguruan gertatu da. “Hamar hilabete daramatzagu lanean, foru plantillari dagozkion alor guztiak adosten saiatzeko, hamabostean behin bilerak eginez. Dinamika horren barruan, negoziazio magaian, LPEn plangintza aurkeztu zitzaien sindikatuei, eta hainbat hobekuntza onartu dira, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioari, formakuntzari, edota langileen baldintzei lotutakoak. Borondate osoa dugu elkarrizketekin jarraitzeko, akordio zehatz gehiago lortzen jarraitzeko”, amaitu du.