• 18 OTS 18

    Geurea Ikurriña

    2014.urtetik Tolosako udaletxeko fatxadan dagoen espainiar banderaren harira, ikusgarritasun eta aitortza ezaugarri zehatz batzuk bete behar dituela agindu du Espainiako estatuak errekerimendu judizial baten bidez.

    Gai honen inguruan, egun indarrean dagoen legealdiari, hala beharrez, men egitea erabaki da desgaikuntza politikoak eta lege ondorioak saihestearren. Aitzitik, Tolosako EAJ-PNVk honako hau eman nahi du aditzera publikoki:

    Inposaketa hau guztiz gaitzesten dugu erabakitzeko eskubidearen urraketa ez ezik, gure Udalan gehiengoa suposatzen duten indar politikoen aurkakoa ere badelako.

    Herriak bere ikurrak aukeratzeko eskubidea du, eta inposatzen diguten bandera espainiarra ez da tolosar gehiengoaren hautua. Horregatik guztiagatik, argi esan nahi dugu EAJ-PNVren bandera bakarra ikurrina dela, Sabino Aranak sortu zuena, alegia. 1936an lehenbiziko Eusko Jaurlaritzak ofizialtzat hartu zuen hura da gurea.

    Batzuek berehalakoan ahazten dute perspektiba historikoa, eta hori dela eta, EAJ-PNVk gogora ekarri nahi du belaunaldiz belaunaldi ikurrinarekin gertatutakoa. Gudari asko hil zen espainiar gerra zibilean ikurrina eta askatasuna defendatzeagatik. Borroka haren adibideak ditugu Euskal Pizkundean, Tolosako Batzokiak sorturiko hartan. Garai latzak izan ziren; familia ugarik gorriak ikusi zituen, kartzela, mehatxuak, estortsioak,… gure ikurrina defendatu eta espainiar banderari uko egiteagatik. Tolosako EAJ-PNVk omendu eta aitortu egin nahi ditu gure ikurrinaren defentsan aritu ziren guztiak; bai garai hartakoak bai eta ondorengoak ere.

    Tolosako udalbatzari eskatu nahi diogu onartu dezala baterako mozio bat egoera inposatu hau gaitzetsiz eta baita tolosar gehiengoaren herri borondate nazioanalista argi adieraziz.

    TOLOSAKO URI BURU BATZARRA