• 18 MAR 17

    Getariako jeltzaleek salatu dute EH Bilduren Udal Gobernuaren aurrekontuak bizkarra eman diela herritarrei

    “Inbertsioetan eskasa eta plangintzarik gabea izateaz gainera, Udaleko zerbitzu juridikoen txostenak argi dio gauzatu ezinak direla proposatu dituzten inbertsioetako batzuk” adierazi dute Getariako EAJren udal taldeko kideek: “baina mahai gainean jarritako edukia legearekin guztiz bat etorri ez arren, duten gehiengoarekin aurrera egin dute”. Ezezko borobila eman diote: “ez dute gure proposamenik jaso nahi izan”.

    Duela bost urte eta erdi EH Bilduk boterea eskuratu zuenetik adierazi dute ez dakitela zeintzuk diren alkatetzaren asmoak, “ez aurreko legealdian, ezta oraingo legealdirako ere”. Jeltzaleen iritziz, ez dute Getariaren oraina ezta geroa ere bermatuko duen plangintza estrategikorik gauzatu, eta “haizeak nondik jo” ari direla gobernatzen gehitu dute “haizeak amildegitik behera bidaltzen gaituen arte”.

    Gaineratu dute Udalaren gardentasun falta “izugarria” dela: “Udal  Gobernu honek zerbitzu askoren gestioa lehiaketa publikorik egin gabe aukeratutako enpresen esku utzi du. Inolako aurrekontu ezberdinik ez du eskatu OTAko makinen  alokairurako, prebentzio zerbitzurako, liburutegiaren gestiorako, hirigintza aholkularitza zerbitzurako... zerrenda luzea da, eta guztiak proposamen ezberdinen arteko lehiaketarik egin gabe, onena izan edo ez, gobernuak nahi duena zuzenean aukeratuz”. Gestio “arbitrario” hori gauzatzeak gastua %9,28 handitzea dakarrela gaineratu dute jeltzaleek: “Udalaren oreka finantziarioa arriskuan jarriz, eta urtez urte, defizita azaleraziz, hori estaltzeko aurrezkiak xahutuz. Aurten aurrezkietatik 147.920 euro bideratu dituzte beraien gestio tamalgarria estaltzera. Eta Udal zerga batzuk %30 igo dituzte. Getariarron diru sarrerak %30 igo direla uste dute hala?”.

    Getariako jeltzaleentzat garrantzitsu da pertsonen ongizatera bideratzen diren zerbitzuen   bermea:   “Udal   Gobernu   honek   zerbitzu   horiei   bideratutako   diruan %14,64ko mozketa gauzatu du, 44.000 euro gutxiago gizarte beharretara. Gizarte ongizateari muzin, getariarron ongizateari muzin”.

    Herrian gazteei begirako proiekturik ez dagoela berretsi dute: “gazteen aldeko ekimenik gauzatzeko ez dute zentimo bakar bat ere jarri, krisiak gehien eragin duen taldeetako bat bada ere. Herriaren etorkizunean sinesten omen dute, baina ekintzek frogatzen dute hori, eta momentuz ekintzak falta” dute iritzi.

    Ongizatea lortzeko bidean garapen ekonomikoa giltzarri dela diote EAJko hautetsiek: “Getariak duen gero eta turismo ugariagoari erantzun egokia emateko ez dute proiektu bakar bat ere gauzatu; eta aurrekontuak dioenaren arabera, asmorik ere ez. Merkataritzak eta ostalaritzak Getarian duen pisua kontuan izanik, zer hoberik turismoa egoki bideratu eta bat eginik herrian sektorea traktore bihurtzea baino?” luzatu dute galdera. Munduari bira 500 proiektuak eskuetatik “ihes” egin diela gaineratu dute: “udalak ez baitu esfortzurik gauzatu. Gainerako erakunde guztiak Udalari begira zeuden, eta ez denez ezer egin, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekin diote proiektuari. Getariarentzako maila guztietan hain onuragarri den proiektuak ihes egin digu” gehitu dute.

    Beilatokia da, Udal Gobernuak aurrekontuak diktaminatzeko batzordean adierazi bezala, 2017ko inbertsiorik garrantzitsuena. EAJk adierazi du ez duela “inolako beharrik” ikusten honelako zerbitzu bat Getarian ezartzeko, “7 kilometroko ratioan bi beilatokitik gora ditugunean”. Baina, adierazgarritzat jo dute gai honekiko Udal Gobernuak duen jarrera: “kaletik jakin dugu Udalak hilerrian ezarri nahi duela beilatokia. Zergatik ez dago Udalean horren proiekturik? Zergatik dago Udalean Eskualtxetako proiektua bakarrik? Zergatik igorri da Eusko Jaurlaritzara Eskualtxetako beilatokiaren proiektua bakarrik? Eta zergatik jaso dira Eusko Jaurlaritzatik 80.000 euro Eskualtxetako beilatokia egiteko, eta ez hilerrikoa? Beilatokia hilerrian badoa, horren proiektua publiko egitea eskatzen diogu Udal Gobernuari”.

    Oinarrian, Getaria geldirik dagoela dute iritzi: “5 urte eta erdiz geldirik  dago,  eta geldirik jarraituko du. Guk, orain arteko moduan eskua luzatuta jarraituko dugu, baina argi adierazi nahi dugu oposizio garen aldetik informazioa elkarbanatzea oinarrizkoa dela, eta guk martxoaren 3an jaso genituen aurrekontuak, 8an diktaminatzeko, urtarriletik ona hitzik ere ez, daturik ere ez. Baina Getariaren alde elkarrekin lan egiteko gonbita luzatzen diegu, beste behin” berretsi dute.