• 03 ABE 17

    Getariako EH Bilduk tematuta jarraitzen du tanatorioa egitean eta obrak hasi dituzte, nahiz eta kostua 130.000 eurotan igo den

    EH Bilduk bere “gestio axola-gabearen” ondorioz Eusko Jaurlaritzak emandako 88.000 euroko diru laguntza galdu izana salatu dute jeltzaleek: “eta guztia, herriari informazio eskubidea ukatu eta parte hartzen utzi gabe”.

    “Ezkutuan eta presaka hasi dituzte obrak” adierazi du EAJren Udal taldeko bozeramale den Aitor Urrestik: “EH Bilduk tanatorioa eraikitzeari ekin dio, kokapen aldaketa batekin, eta horrek getariar guztiongan du eragina, kostua 12.000 eurokoa izatetik 142.000 eurokoa izatera pasa baita: 100.000 euroko kostua zuen Eskualtxetako proiektuak eta 88.000 euro Eusko Jaurlaritzak ordaintzen zituen diru- laguntza bidez, beraz kostu 12.000 eurokoa zen getariarrontzat; Orain, Eusko Jaurlaritzako diru laguntza galdu dute, eta gainera, proiektu berriak 142.000 euroko kostua du. Beraz, 142.000 euro ordainduko ditugu Getariarrok orain, gehi urtez urteko gestioa, urtean bataz beste Getarian hiltzen diren 20 pertsona hartatzeko. Eta guztia, “herriari informazio eskubidea ukatu eta parte hartzen utzi gabe” nabarmendu du EAJren udal taldeak: “EH Bildu-ri komeni zaionean parte hartze bilerak nonhai antolatzen dituzte. Beste batzuetan iñor ohartu ez dadin, oposizioa bera ere baztertuz, hanka-sartzeak ezkutatzen saiatzen dira, herritarrak bazterrean utzita. Eusko Alderdi Jeltzaleak, galdera egiten dio alkate jaunari: Zergaitik ez zaio herriari galdetu, 88.000 euroko diru laguntza galdu ostean merezi ote duen tanatorioa egiteak?”.

    “Noraezean ibiltzearen ondorio”. Hala izendatu dute EAJren Udal taldeko kideek EH Bilduren gestioa. 2016ko ekainean abiatu zuen Getariako tanatorioaren proiektua EH Bilduk, nahiz eta 7 kilometroko ratioan bi tanatorio dauden, bata Zarautzen eta bestea Zumaian: “noraezean diogu, enpresa pribatu batek aurkeztutako proiektua eramanen dutelako aurrera, eta gainera, herritarren iritzia kontuan izan gabe, nahiz eta parte hartze prozesu bat gauzatuko zutela hitz eman zuten: egin edo ez, eta egitekotan non herritarrek aukeratzeko. Hasieran onartutako proiektuak, Eusko Jaurlaritzara aurkeztua diru laguntza eske, Eskualtxetan zuen aurreikusia kokapena. Ez zen inolako partaidetza prozesurik egin; ez zen herritarren iritzia kontuan izan. Enpresa pribatu batek proiektua aurkeztu zion udal gobernuari eta gauzatzea erabaki zuten, inorekin ezer hitz egin gabe, ezta oposizioarekin ere.

    Behin proiektua ezagutu zenean, herrian protestak abiatu ziren, kultura sormenera bideratutako espazio garrantzitsu baten galera baitzekarren EH Bilduren ideiak”. Aitor Urresti EAJren udal bozeramaleak nabarmendu duenez, herria altxa zenean “atzera” egin zuen udal gobernuak. Atzera egiteak ordea, ez zuen proiektua geldiarazi, nahiz eta jeltzaleek behin eta berriz adierazi proiektua ez dela beharrezkoa, ezta eraginkorra ere planteamenduan, eta hori gauzatzeak herrian behar gehiago duten inbertsioak atzean uzten dituela. “Urte honen hasieran, EH Bilduk aurrekontuak aurkeztu zituenean —azaldu du Urrestik— Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziok ohartarazi genion alkateari tanatorioaren gaian egia ezkutatzen ari zirela herritarrei. Ez ziguten kasurik egin”.

    Nahikoa diote datuek, baina jada proiektua aurrera doa. EH Bilduk alkate dekretu bidez sinatu zuen kreditu aldaketa eta obren lizitazioa. Jada hasiak dira lanak. Getariako EAJk EH Bilduren “utzikeria eta kontu publikoen gestio txarra” salatu ditu: “ez da zilegi getariar guztion diruarekin horrela jokatzea. Herriak baditu behar ugari, eta gobernu honek nahi duen tanatorioa egiteko, bertan behera jarraituko dute. Eta ez da hori bakarrik: orain tanatorioa egin bai, eta nolakoa izango da horren kudeaketa? Udal gobernu honek tanatorioa egitean soilik pentsatu du; ez dakite nola kudeatuko den, errentagarri izango ote den edota getariarrok estali beharko ote ditugun guneak izango dituen gastuak, zerbitzuak berak ezin baitu adierazi ditugun datuekin”.

    Getariako EAJren ustez, larria da erakunde ezberdinek bideratzen dituzte diru-laguntzak gaizki erabiltzearen ondorioz, herritarrek 142.000 euro inolako beharrik gabe oraindu behar izatea.