• 18 URT 18

    Gallastegik boto eta porren arteko gatazka justifikatzen duen proportzionaltasunik ez dagoela jakinarazi dio Zoidori

    Victoriano Gallastegik “boto eta porren arteko gatazka justifikatzen duen proportzionaltasunik, erantzukizunik edota arrazionaltasunik ez dagoela” jakinarazi dio Barne Ministroari, joan den urriaren 1ean Katalunian egin zen polizia operatiboari dagokionez. Erreferenduma bertan behera uzten saiatzeko egin ziren jarduerak azaltzeko Zoidok Senatuan egin duen agerraldian, Barne gaietarako ordezkari jeltzaleak “zuk jarduera arduratsua, eskrupulosoa eta proportzionala ikusten duzun tokian nik polizia gogorkeria, bortizkeria eta 1.066 zauritu ikusten ditut” esan dio, eta ekintzen “ikerketa sakona” eskatu dio.

    EAJko ordezkariak poliziak boto-emaileen aurka zergatik oldartu ziren galdetu dio ministroari, eta “legea urratzea” leporatu dio Polizia Nazionala eta Guardia Zibila orden publikoko eginkizunetarako erabiltzearren, Estatut-aren 164. artikuluak betebehar hori Mossos d’esquadrakoei dagokiela jasotzen duenean. “Ezin da Konstituzioa eta legearen defentsa argudio moduan erabili zerbait egiteko horretarako beste lege eta eskubide batzuk urratzen badira. Jarrera hipokrita da hori”.

    Beste alde batetik, Barne Ministroak barkamenak eskatu dizkio Victoriano Gallastegiri joan den azaroaren 7an Gobernuaren Kontrolerako galdera batean eman zion erantzunagatik. Gallastegik Altsasuko alkateari guardia zibil batek baimenik gabe grabatzeagatik zer iritzi zuen galdegin zionean, Zoidok urte bete lehenago herri horretan agente batzuei egindako erasoa defendatzen aritzen den jendea eta biktimengandik baino erasotzaileengandik hurbilago kokatzen den jendea dagoela iruditzen zitzaiola erantzun zion, horregatik EAJko senatariak baieztapen hori argitzeko eskatu dio. “Zuri buruz ari nintzela pentsatu baduzu, ez zen hori nire asmoa; horrela uste izan baduzu, barkatu, inolaz ere ezin zaitudalako lotu aipatzen ari garen ezaugarrietako erakunde batekin”, onartu du ministroak.