• 31 UZT 17

    Eszepzio-egoerarekin erantzuten dio Espainiako gobernuak Kataluniak duen askatasun nahiari

    “Kataluniaren etorkizuna gure etorkizuna da, herri garelako eta gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugulako” erantsi du Egibarrek

    “Kataluniak askatasun egoera nahi du, independentziaren gaineko galdeketa egin nahi du eta herritarrei galdetu nahi die ea errepublika moduko estatu kataluniar bateko kide izan nahi duten; eta Espainiako gobernuak, berriz, Diputatuen Kongresuaren eskutik, salbuespen-egoera aldarrikatu nahi du, mailaz maila edo ekitaldi bakarrean”. Hitz horiek erabiliz laburbildu du GBBko presidenteak Katalunia eta Estatuaren arteko gatazkari buruzko bere hausnarketa.

    Joseba Egibarren hitzetan, “egun batzuk barru, Kataluniak demokrazian sakontzeko duen nahiaren aurrez aurre jarriko du eszepzio-egoera Espainiako gobernuak, botoa ematea bezain gauza sinplea den  horren aurrean, salbuespen-egoera”. Eta eszepzio-egoera horrek “eskubide-urraketa eta inhabilitazioak ekarriko ditu” adierazi du, “Kataluniako herriaren borondatea bahitzea nahiko dute”.

    “Ez dute galdeketarik egitea nahi, baiezkoak eta ezezkoak ikusaraziko direlako, demokratikoki kontabilizatu egingo delako” azpimarratu du. “Ez dute egiarik jakin nahi, eta egia jakin nahi ez duen agintariak ez du gobernatzeko kaudimenik” baieztatu du, “galdeketa batek nondik nora jo behar duzun adierazten dizu, baina Espainiako estatuak ez du egia hori ezagutu nahi eta munduari ezkutatu egin nahi dio”. 

    Hori dela eta, jeltzaleen burukideak esan duenez “Kataluniaren etorkizuna gure etorkizuna da, Euskadiren etorkizuna, nazio garelako, Herri garelako eta izateko eskubidea dugulako, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugulako; eta Espainiako estatuak ez du errelitate hori aitortu nahi; hori da esku artean dugun apustua”. “Geure abiadurak eta geure bideak ditugu, baina estatu bera dugu parean” azpimarratu du.

    “Funtzionatzen ez duen estatua dugu aurrean, instituzionalki, lurraldeari begira eta politikoki jota dagoen estatua dugu parean, krisian dagon estatua dugu parean” esan du Joseba Egibarrek, eta “Kataluniak – eta baita Euskadik ere – ez dauka demokrazian sakondu nahi ez duen eta bide demokratikoa ukatzen duen estatu bati zertan lotu beharrik, ez bakarrik errespetatzen ez dituen nazio errealitateak, baizik eta, are gehiago, aitortu behar zituen errealitate horiek umilatzen dabilen estatu bati”. Gainera, esan du, “gaur gaurkoz, Europako Elkartea politikoki demokratikoagoa eta anitzagoa irudituko zaigula, baina agerian dagoena bistakoa dela, eta estatuek osatzen dutela Europa hori, estatuen batura dela”. Beraz, “herri gisa geure etorkizuna ziurtatzeko, bai Euskadik, bai Kataluniak, Europaren eraikuntzan parte hartu nahi badute, estatu egitura behar dutela” esan du.

    Kataluniaren kasua dela eta, “herri bat umilatzen denean, banaketa da harreman politikorako irtenbiderik egokiena; independentzia da Katalunia eta Espainiarentzako konponbiderik hoberena” esan du. “Errespetutik oreka batera irits daiteke, baina sekula ez umilaziotik” erantsi du.

    Euskadiri buruz, berriz, herri gisa “geure proiektua birdefinitu, indartu eta aberasteko aukera ezin hobea dugu aurrean” adierazi du. Definizio horri Autogobernu Ponentzian ekin behar zaiola esan du, ondoren partaidetza prozesu batekin segitzeko eta “gure herriari galdeketa bidez eskatu erantzun bat”. “Bideratutako galdeketa hori izango litzateke erabakitzeko eskubidearen lehen ariketa, ez da independentzia modu abstraktuan nahi dudala esatea, baizik eta proiektu politiko, ekonomiko, kultural eta sozial jakin eta zehatza planteatzen dugu” azaldu du, “horixe da gure herriarentzat nahi duguna”.

    Azalpen hori argitzeko esan du, legaltasuna eta printzipio demokratikoa uztartu behar direla. “Zerk du garrantzia gehiago: indarrean dagoen legediak ala demokratikoki adierazitako herri borondateak?” galdera egin du; “printzipio demokratikoak dionez, legeak egokitu egin behar dira herri borondatearen nahiari eta bide eman behar dio” azaldu du, “horixe egin zuten Quebecen”.

    PP eta PSOEk aipatzen duten “behar adinako adostasuna” ere hizpide izan du, “ahalik eta adostasun zabalena bai, baina beto-eskubiderik, ez”. “Legebiltzarrean, 75 legebiltzarkidetatik, 57 erabakitzeko eskubidearen alde daude, ganbarako %76a” gogarazi du “errespetatzeko moduko kopurua da”. “Zer gertatu behar du? Bederatzi gehi bederatzi – hamazortzik- beto-eskubidea jarri behar dutela hemen, han erabakitzeko dutenak direlako? galdetu du, “hori onartezina da demokraziaren ikuspuntutik”.

    “Kataluniari dena ukatu zaio” esan ondoren, adierazi du, gertatzen dena gertatzen dela, galdeketaren aldeko kataluniarrak irabazi egin dute”. “Ez dakit zer gertatuko den, baina etortzen dena ona izango da Kataluniarentzat, printzipioak argi dituztelako” esan du.

     “Askatasunaren aldeko auzi handi guztietan jartzen dugun fedeak, berak bakarrik, iraunarazi lezake herrien izpiritua zutik; eta borondatea horren eskura lanean jartzen bada, orduan, behin betiko aurkitu duzu askatasunaren bidea”. Agirre Lehendakariak Katalunia eta Euskadiri buruz esandako esaldi horrekin bukatu du hitzaldia Egibarrek.

    Mutrikun izan da hitzaldi hori, ohi denez, Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zeneko ospakizun ekitaldian; bertan izan da Gipuzkoako jeltzaleen agintaren ordezkari ugari, Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardiarekin batera, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea, Markel Olano ahaldun nagusia, Eneko Goia eta legebiltzarkide, batzarkide, diputatu, senatari eta alderdiko hainbat kargudun.