• 14 AZA 17

    Estatus politiko berria behar dugu, begirunean eta berdintasunean oinarrituta

    “EAJ-PNVren arabera, oinarrizko gaia da subjektu politikoaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza; eta, estatus politiko berrian isla izan behar du hasiera-hasieratik. Hortik aurrera, eskubide horren ariketa bat adostea proposatzen dugu”, adierazi du Joseba Egibarrek “Egun On Euskadi” saioan

    Katalunia, autogobernuaren etorkizuna eta Legebiltzarreko ponentziaren lanak izan dira hizpidea eman dioten gaiak ETB1eko albistegian.

    Batetik, estatus berriari dagokionez, alderdi politiko guztiek aldebikotasun-estrategiaren aldeko apustua egiten dutela kontuan hartuta, Alderdi Popularrak Katalunian erakutsi duena aipatu du Egibarrek: “hor daukagu, zerbait ikasi nahi baldin badugu. Eta bide batez, gure autogobernuaren sendotasuna ere neurtzeko modua badaukagu: arratsalde batean 155a aplikatzen dizute eta indargabetzen dute zure autonomia osoa. Hori da baita ere aldebikotasunaren eskutik daukagun autonomiaren sendotasuna, edo irakurketa bat izan daiteke”.

    Hori dela eta, Egibarren arabera, behar-beharrezkoa da estatus politiko berri bat sortzea, ezberdinen arteko akordioa lortzeko. “Berdineko akordio hori sortzen da aitortza eta errespetutik, ez da subordinaziotik sortzen. Eta Alderdi Popularrak hori erakutsi nahi du -eta Alderdi Sozialistak ere bai-: errealitate subordinatu bat garela, Estatuaren barruko eskema horretan errealitate kontrolatu bat. Eta guk esaten duguna da izaera bat daukagula herri bezala, nazio bezala, eta gure etorkizuna erabakitzeko ere bai, eta zurekin nahi dugula harreman politiko bat, elkarbizitza-akordio bat errespetuan oinarrituta”.

    Legebiltzarreko autogobernu-ponentziara etorriz, atzoko bileran alderdi bakoitzak metodoari dagokion proposamena jarri zuen mahai gainean, Egibarrek berri eman duenez: “bi urrats ematea erabaki genuen: jakinda besteek zer proposatzen duen eta non ikusten duen hurbiltasuna partekatzeko aukera, orduan, hori azpimarratzea eta atal desberdinetan ezagutaraztea”.

    Buruzagi jeltzaleak azpimarratu du EAJ-PNVren bidean sujetu politikoaren oinarriak garbi adierazita egon behar du hasieratik eta, ondorioz, erabakitzeko eskubidea berdin. “Gerora, horren ariketa hitzartzea proposatzen dugu. Erabakitzeko eskubidea zehaztu behar dugu, zertarako eta zein harreman nahi dugun Espainiarekin. Hori da finkatu behar duguna”.

    Joseba Egibarrek gogorarazi du Ibarretxe lehendakariaren garaian, hirukoaren eskutik proposatu zen “estatu aske elkartua” izeneko formula: “han bereizten zen Estatuarekin zein botere partekatu; han ariketa bat egin zen. Agian, gaur, beste perspektiba batekin, gaurkotu daiteke, edo hobetu daiteke formula hori. Zer harreman-mota nahi dugun Estatuarekin. Eta guk zera pentsatzen dugu: erabakitzeko eskubidearen ariketa bat proposatzen badugu, ariketa konkretu hori ez doa independentziara. Eta hori, atzo, EH Bilduk ere esan zuen. Hurrengo pausoa ez da independentzia, baina independentzia ez du ukatuko, tarteko bat izango da. Zein da tarteko pauso hori? Hori da, definizio bat falta dugu, edo iritzi ezberdinak daukagu”.

    Kataluniako prozesuari bere sostengua eman eta gero, Egibarrek esan du erabat baldintzatuta daudela Kataluniako hauteskundeak. “Ezin dugu ahaztu 155. artikuluaren bidez Katalunia, autonomi bezala, desjabetua izan dela eta agintariak kartzelan daudela eta kanpoan. Tutelatuta dagoen demokrazia batean egingo dira hauteskunde hauek. Beraz, ikusi egin behar”.

    Ordezkari jeltzaleak ere esan du Mariano Rajoy gobernu espainiarraren presidenteari ez dagokiola hauteskundeak deitzea; eta, beraz, eskumena lapurtu egin duela iritzi dio. “Hori lapurtzea da. Desjabetzea da, expropiatzea, eta zuk Ganbara demokratiko bati desjabetze prozesu bat aplikatu diozu. Hori da, hain zuzen, hauek –alderdi popularraren agintariek- daukaten demokraziaren ikuspegia”.

    Horren harira, Egibarrek ohartarazi du arriskutsua dela PPk eta PSOEk bultza dezaketen edozein erreforma, izan ere, PPk daukan iritzia da “Katalunia horrela dago autonomia garapenean eskua gehiegi zabaldu izan zaiolako eta jendea adoktrinatuta daukate, hezkuntza alorrean eskumenak dituztelako”.

    Beraz, Egibarren ustez, guzti honen ondorioa da Estatuak berriro berreskuratu nahi dituela eskumen horiek “Kataluniaren onerako”, hau da, Estatuak agerian utzi nahi du “katalanak nahastuta daudela, okerreko bidetik doazela eta hau zuzenduko dutela atzera berriz eskumen horiek guztiak Madrilera eramanez. Nik uste dut PPren gogoeta hortik doala. Eta, Alderdi Sozialista ez dakit zertan dabilen pentsatzean, hortik zerbait onik aterako duela sinestean”, amaitu du Joseba Egibar Legebiltzarreko bozemaile jeltzaleak.