• 15 EKA 17

    Epe laburrean hiltzeko arriskua duten presoak espetxetik ateratzea eskatu du Bildarratzek

    Senatuan EAJko bozeramaileak Sarek egin duen txostena helarazi dio Segurtasunerako Estatu Idazkariari bere datuekin “erkatu ahal” dezan, honek gaur egun horretarako legezko baldintzak betetzen duen presorik ez dagoela esan ostean

    Jokin Bildarratzek “alferreko arriskurik” ez hartzea eta epe laburrean hiltzeko arriskua duten preso gaixoak espetxetik ateratzea eskatu dio Segurtasunerako Estatu Idazkariari. “Une hauetan zenbait kasuri ezarri dakieke Zigor Kodeko 92. Artikulua”, jakinarazi du EAJ-PNVko senatariak eta, Jose Antonio Nietok Barne Batzordean egindako agerraldia aprobetxatuz, Sare elkarteak gaiaren inguruan egindako txostena helarazi dio datuak “erkatu ahal ditzazun”.

    Senatariak egin duen eskaera Estatu Idazkariak “gure datuen arabera une honetan ez dago espetxeratuta kalera ateratzeko legezko baldintzak betetzen dituen preso bakar bat ere” erantzun ostean izan da. Bildarratzek jakinarazi dionez, “eman didazun informazioa ez dator bat zenbait txostenen bitartez helarazi didaten informazioarekin”; eta bide batez gogoratu dio azken urteotan 18 euskal preso hil dira espetxean eta beste hamar irten eta berehala zendu dira. “Ez dira heriotza naturalak izan edo adinaren eraginez eratorritakoak, gazteak ziren. Presoek eskubideak dituzte; horien alde lan egin dezagun”, eskatu du.