• 20 MAR 15

    Eneko Goia-ren ustez, ezinbestekoa da hiriko zein inguruko kultura-eragileekin elkarlanean aritzea 2016ak arrakasta izan dezan

    Suediako Umea hiriko zinegotzi Peter Westerberg Ideiagunean izan da eta azaldu du 2014an Umearentzat Europako Kultura Hiriburua izateak zer suposatu zuen.

    Suediako Umea hiriko zinegotzi Peder Westerberg – Umea 2014ko Europako Kultura Hiriburua izan zen – Ideiagunean egon da gaur goizean EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak gonbidatuta. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz-ek, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak, eta EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olanok.

    Westerberg-ek azaldu du 2014an Umearentzat Europako Kultura Hiriburua izateak zer suposatu zuen. Horren harira, Goiak azpimarratu du, Umean hiritarren laguntza oso garrantzitsua izan zela ekimenak arrakasta izateko eta, beraz, ahal dugun heinean eredutzat izan behar dugula. Hortaz, hautagai jeltzaleak hiriko zein inguruko kultura-eragileekin elkarlanean aritzearen alde egin du, 2016ak arrakasta izan dezan.

    Era berean, Eneko Goiak segidakoa azpimarratu du: “2016ko urtarrilaren 1etik aurrera Europako Kultur Hiriburua izango gara eta ezin dugu biluzik egon. Gure ardura izango da hiriaren zein herriaren irudia mundura zabaltzea. Beraz, gure zeregin nagusiena, maiatzaren 24az harago, honakoa izango da: hiriburutzaren proiektua definitzea eta garatzea, betiere, hiriarentzat arrakastatsua izateko eta aukera aprobetxatzeko”.

    Hortaz, Goiak babesa eman dio hiriburutzaren bulegoari, hain zuzen ere, proiektua zehazteko lanean dagoenari, eta ondoren garatzearen alde lan egin beharko duenari. Eta horretarako, ezinbestekoak dira erakundeen arteko elkarlana eta baliabide guztiak erabiltzea. Izan ere, elkarlanari esker, 2016 arrakastatsua izatea lortuko dugu”.

    Eneko Goiak, halaber, esan du, hiriburutzak  urtebeteko kultura ekitaldi garrantzitsu bat izateaz gain, 15 edo 20 urteko jarraipena izatea lortu behar dugu. Eta hiriburutzak duen oihua gure hiriaren kultura zein hiria bera aldatzeko baliogarria izan behar zaigu. Horiek horrla, Goiak gogorarazi du, EAJ-PNVren hiri-proiektuan kultura dela ardatz nagusietako bat etorkizuneko Donostia egiteko, hiriburutzaz, kulturaz eta euskaraz baliatuta, eta betiere, Donostia hiri kosmopolita dela kontuan hartuta.

    Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren Donostiako alkategaiaren hitzak: “Tabakalerak 2016ko hiriburutzak utziko digun ondarearen zati bat izan behar du. Beraz, hurrengo hilabeteetan honako erronka izango dugu: Tabakaleraren edukiak zehaztea, ondare horren zati garrantzitsua izateko”.